Datorren ostegunean, martxoaren 10ean, Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I argitalpena aurkeztuko dute Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso / Oihaneder Euskararen Etxean (Fray Zacarías Martínez kalea, 2), goizeko 11:00etan. Argitalpena CD-ROM euskarrian eskaintzen da.
Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da lanaren egilea eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina egitasmoaren zuzendaria. Haiek egingo dute aurkezpena, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lagunduta.
Argitalpena Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Onomasticon Vasconiae" bildumaren 31. liburukia da. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Gasteizko Arratzua merindadea 21 herrik osatzen dute; hori dela eta, duen hedadura zabalarengatik, hiru liburukitan aztertuko dira. Arratzua I da lehena eta bertan Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuko leku izenak aurkeztu eta aztertu dira.
Liburua Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen den bosgarrena da. Aurrekoak honako hauek dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) (2009); hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria (2011) eta laugarrena Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz (2013).
Egitasmoa, 1996tik
Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996an abiatu zen.
Arabako hiriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak ere- era sistematikoan biltzea, sailkatzea, aztertzea, eta normatibizatzea da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera ditu.