Oiartzungo Udalak Eugenio Arotzenaren antzerki bilduma dohaintzan emango dio Euskaltzaindiari. Horretarako, datorren asteazkenean, abenduaren 16an, eguerdiko 12:30ean, hitzarmena sinatuko dute bi erakundeotako ordezkariek: Udalaren izenean, Jexux Leonet alkateak sinatuko du eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Arotzenaren bildumak euskarazko antzerki eta antzerki unibertsalari buruzko 2.800 erregistro inguru ditu eta liburu, aldizkari, artikulu, kartel edota argazkiak biltzen ditu. Udalak 2005. urtean erosi zion Eugenio Arotzenari.
Sinatze ekitaldian Josune Cousillas Oiartzungo Kultura zinegotziak eta Erramun Osa Akademiako idazkariordeak ere parte hartuko dute.