Bihar, urriaren 20an, Ondarearen Europako Jardunaldietako lehen hitzaldia egingo da Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian. Arratsaldeko 18:00etan, gaztelaniaz, eta 19:00etan, euskaraz, "Burdinaren lorratza euskal toponimian" hitzaldia emango du Mikel Gorrotxategik.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien goiburua "Burdina" da. Ekimen horren barruan, Euskaltzaindiak "Burdina eta euskara" izeneko hitzaldi zikloa antolatu du.
Esan bezala, bihar izango da lehen saioa. Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuko arduraduna burdinak gure geografian utzi duen lorratzaz mintzatuko da: meategiak, burdinolen izenak... Hitzaldiaren izenburua "Burdinaren lorratza euskal toponimian" da. 18:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.
Hurrengo hitzaldia datorren ostegunean izango da, hilaren 22an. Egun horretan,"Olak eta burdingintza euskal literaturan" hitzaldia emango du Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak. Burdinak euskal literaturan izan duen eragina eta utzi duen arrastoaz hitz egingo du. 19:00etan, euskaraz.
Urriaren 29an zikloaren azken hitzaldia izango da, "Norteko ferrokarrila: trena bertsolarien ahotan" izenburupean. Mikel Aizpuru UPV/EHUko irakasleak bertsolariek nola ikusten zuten trenbidea aztertuko du. 18:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.
Hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15, Bilbo) egingo dira. Hitzaldi bakoitzaren ondoren bisita gidatua egingo da Akademiaren egoitzara.
Informazioa: 94-4158155 (9:00etatik 14:00etara). Helbide elektronikoa: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.