Ijito Herriaren Euskal Kontseiluaren ordezkariak Euskaltzaindian izan dira gaur, apirilaren 15ean, eta Akademiaren ordezkariekin batzartu dira. Jose Luis Madrazo Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria lagun zutela, Pascual Borja Kontseiluko presidenteordea eta Javier Pérez idazkaria etorri dira. Xabier Kintana Akademiako idazkariak eta Erramun Osa idazkariordeak hartu dituzte.
Bileraren xedea Euskaltzaindiaren atxikimendua eskatzea izan da. Izan ere, hiztegietan, ijito herriaren inguruko aipamenak era duinean ager daitezen helburu, Ijito Herriaren Euskal Kontseilua hainbat erakunde eta eragilerekin hitz egiten ari da. Helburua honako hauxe da: hiztegiek jasotzen dituzten ijito herriari buruzko adieretan, zentzu peioratiboa desager dadin lortzea. Akademiaren ordezkariek euren babesa adierazi diete.
Hain zuzen ere, egunotan "Yo no soy trapacero" izeneko kanpaina burutzen ari dira espainiar Estatuko ijitoak.