Gaur, martxoaren 3an, sinatu da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo lankidetza-hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta, Euskarabidearenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.
José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria eta Julen Calvo Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako zuzendaria ere ekitaldian izan dira.
Lankidetza-hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak aurten 80.000 euro erabiliko ditu Euskaltzaindiak Euskal Corpus Onomastikoan eginen dituen lanetarako, eta Nafarroan Onomastikako eta Toponimiako lanak egiteko.
Bestalde, hitzarmenak adierazten duen bezala, Nafarroako Gobernuak jarraian aipatzen diren lanak eginen ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan Nafarroako berezko aldaerak sartzen eta hizkuntza kalitatearen zerbitzuaren funtzionamenduan lagundu. Euskaltzaindiak behar dituen itzulpenak ere egingo ditu. Lan horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, Euskaltzaindia da erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan, euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru Lege berean arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.
Hitzarmena sinatu ondoren, Blanca Urgell hizkuntzalariak prestaturiko Gero liburuaren edizio kritikoa aurkeztu dute.