Jose Maria Jimeno Jurio zenaren Toponimia navarra. VI. Cuenca de Pamplona - Cendea de Itza lana aurkeztu dute gaur, otsailaren 17an, Iruñean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Liburua Jimeno Jurioren lan guztiak bilduko dituen bildumaren 45. zenbakia da.
Pamiela argitaletxeak, Udalbidek eta Euskara Kultur Elkargoak argitaratu dute. Aurkezpena honako hauek egin dute: Roldan Jimeno autorearen seme eta bildumako koordinatzaileak, Patxi Salaberri Zaratiegi liburuaren editoreak, Iñaki Camino hitzaurregileak eta Bixente Arozena Udalbideko kideak. Elena Aranguren Jimeno Jurio zenaren alarguna ere izan da aurkezpenean.
Jose Maria Jimeno Jurioren ikerketaren emaitzak argi erakusten du Itza zendeko euskal toponimia bizirik zegoela XIX. mendearen erdialdera arte.
Artaxoako ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak toponimia, euskararen historia eta soziolinguistika eta etnografia jorratu zituen bereziki.
Gaur aurkeztu dena Toponimia navarra. VI. Cuenca de Pamplona - Cendea de Itza lanaren bigarren edizioa da. Lehen edizioa "Onomasticon Vasconiae" bilduma barruan argitaratu zuen Euskaltzaindiak, 1990. urtean.