Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatuta, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien lehenengo saioa egin zen atzo, azaroaren 20an, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskaltzaindiaren izenean, Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria izan zen eta Azkue Bibliotekan euskal antzerkiaren funtsek duten lekua azaldu zuen.
Euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituzten erakunde eta elkarteetako ordezkariak elkartu ziren atzo. Azkue Bibliotekako zuzendariarekin batera, hauek izan ziren: Baionako Mediatekatik Marie-Andrée Ouret eta Euskal Museoko Liburutegitik Marie-Hélène Déliart; Euskal Kultur Erakundetik Pantxoa Etchegoin; Koldo Mitxelena Liburutegitik Sorne Matxinena eta Frantxi Lopez Landatxe; Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegitik Iñaki Goiogana; eta Mauleko Sü Azia Elkartetik Maddi Oihenart.
Erakunde bakoitzak euskal antzerkiaren funtsak eskuratu, zaindu eta zabaltzeko egiten duen lana aurkeztu zuen eta jarraian, egoeraren diagnosia egin asmoz, mahainguruan gaiari buruzko hainbat puntu aztertu zituzten. Xenpelar Dokumentazio Zentrotik jakinarazi dutenez, datozen egunotan www.mintzola.com atarian eskuragarri izango dira jardunaldiotatik ateratako ondorioak.
Datorren ostegunean, azaroaren 27an, jardunaldion bigarren saioa izango da. Amasa-Villabonan, “Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak” goiburuko saioan, euskal antzerkiaren sortzaile eta eragileak dauden premiei buruz arituko dira.