Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoak irabazi du Euskadi Literatura Saria, euskarazko narratiba alorrean, Nevadako egunak liburuarekin. Epaimahaikideen esanetan, "hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan".
Ur Apalategi, Pello Otxoteko, Jon Kortazar, Arantxa Urretabizkaia eta Lourdes Otaegi epaimahaikideek gaur, urriaren 8an eginiko agerraldian azpimarratu dutenez, "testuinguru arrotzaren estimuluen haritik, narrazioan zehar iragana eta oraina, ozeanoaz alde batekoa eta bestekoa, errealitatea eta fikzioa, eta are ametsen mundua, txirikordatuz joango dira, azken orduetako tentsio uneetara heldu arte”.
Idazleak 2013ko abenduan kaleratu zuen liburu hau, Pamiela argitaletxearen eskutik. Aurtengo apirilean, Espainiako Kritikaren Saria, euskarazko narratibaren alorrean, irabazi zuen lan honengatik.