Jagoneteko datu-baseak 84 galde-erantzun berri ditu eta hainbat galde-erantzun eraberritu: besteak beste, mozorrotu eta Areatza sarrerak.
Azkeneko horiek biek lehendik argitaratutako erantzunen aldaketa nabarmena dakartenez, hona hemen nola ageri diren orain:
1. -z mozorrotu egitura ontzat emana: itsaslapurrez mozorrotu, indioz mozorrotu
Orotariko Euskal Hiztegiko datuak ikusita, gaur egunera arte, ez da aurkitu –z mozorrotu egituraren lekukotasunik batere euskarazko tradizio idatzian, eta horregatik hobetsi zuen Gramatika batzordeak -0 mozorrotu egitura 1997an.
Gramatika batzordearen ustez, -z mozorrotu bezalakoak berri samarrak dira, eta euskarak horren ordez beste egitura batzuk erabili izan ditu: hala nola, indio jantzita, indio jantzian, indio mozorroan, indio arropetan (Iparraldean) eta abar. Mozorrotu aditza erabili izan da literaturan, baina esango genuke bakarrik agertzen dela gehienetan: mozorrotuta joan zen kalera.
Egia da gaur eguneko erabileran asko ugaldu dela –z mozorrotu egitura; Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuetara baldin bagatoz, nabarmena da ugaltze hori. Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak osatzeko, lehenagoko tradizioko datuak (OEH) eta gaur egungoak (EPG) erabili dira, eta, horregatik, indioz mozorrotu egitura ere ontzat eman du Euskaltzaindiak.
2. Areatza izenaren amaierako “a” ez da artikulua
Areatza izena bildu zuten bai Azkuek eta bai Uribarrik, eta horixe da Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak hobetsi eta Bilboko udalak ofizialki erabiltzen duen izena: Areatza. Izen hori deklinatzean, Izurtza edo Gaintza bezala deklinatu behar da; izan ere, azken ikerketek erakutsi dutenez, Areatza izenaren amaierako “a” hori ez baita artikulua. Hortaz, Areatzako, Areatzatik, Areatzan... formak sortzen dira, eta horixe da erabilera zuzena.
Bere garaian bi gai horietakoren bati buruzko erantzun "zaharkitua" jaso zuten guztiei bidali zaie, banan-banan, erantzun eraberritua.