Gaur, irailaren 17an, Bilboko Artazu Goikoko Iraleko irakasle talde batek Euskaltzaindia bisitatu du. Aritz Abaroa EHHA egitasmoko teknikariak gidatu ditu bisitariak, bi eratara: batetik, euskara eta Euskaltzaindiaren historiaz hitz egin die, mintzaldi batean; eta bestetik, egoitza -Osoko bilkuren aretoa eta Azkue Biblioteka, besteak beste- barrutik erakutsi die.
Bisita hauen xede nagusia Euskaltzaindiaren lana ezagutaraztea da. Hortaz, euskara zaindu, ikertu, zabaldu, babestu edota arautzea helburu duen Akademiaren nondik norakoa azaltzen da. Euskarari buruz ere hitz egiten da. Hona hemen jorratzen diren gaietariko batzuk:
- Euskararen jatorria, honen gaineko teoria desberdinak eta euskara idatziaren lehen urratsak.
- Akademiaren historia: Euskaltzaindiaren helburu nagusiak; Euskaltzaindiaren sortzea: aitzindariak, 1918ko Oñatiko biltzarra eta lehen euskaltzainak; Euskaltzaindia gerra garaian eta gerra osteko urteetan; euskara normalizazioaren bidean.
- Gaur egungo Akademia: erakundearen erabakiguneak: Zuzendaritza eta Osoko bilkura; Euskaltzaindiko batzorde, egitasmo eta lantaldeak; Euskaltzaindiko zerbitzuak.
- Euskaltzaindiaren webgunea eta bertan aurkitu ditzakegun tresnak (EODA, OEH, EHHA...).
Gaurko bisitaren hasieran, Iraleko irakasleek esker oneko bertso bi bota dizkiote Aritz Abaroari, Euskaltzaindia ezagutzeko aukera emateagatik.