Hitz-elkarketa/2: IV. BI OSAGAITIK GORAKO MENDEKOTASUNEZKO ELKARTEAK

IV. BI OSAGAITIK GORAKO MENDEKOTASUNEZKO ELKARTEAK

IV.1. Sarrera

Euskaraz bi osagai baino gehiago elkar ditzakegun, elkartu ohi ditugun edo ez sarritxo eztabaidatu izan da azken urteotan gure artean. Euskaltzaindiak ere aztertu du gaia, baita saiatu ere, ahal zen neurrian, erantzuna ematen213 (H-E/4: 44, 56-59 / 30, 42-45). Ekar ditzagun berriz liburu honetako aztergaiarekin zerikusi zuzena duten hitzak (H-E4: 57-58 / 43-44):

  1. Atal biko sintagma da hitz-elkartea (…) Hori du bere izaera jator sustraizkoa, eta horri eustea komeni da ahaleginean (…)
  2. Goiko arau hori are sendoagoa da mugatzaile-izenari muga jakineko adjektiboren bat eransten zaionean: hautagai-zerrenda baina hautagai berrien zerrenda (…)

  3. Badira, ordea, guztiarekin ere, berrelkarketa errazago onartzen duten eramoldeak (…)
    1. Mugatzailea euskal, erdal, frantses… dutenak (…)
    2. Mugatzailearen koordinazio-hedapenak: emakume-eta haur-taldeak (…)
    3. Aurrerago ikusiko diren irizpen-, multzo-, zatieta mota-elkarteak. Eguzki-lore gisako beste gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile itxura, kafe erre usaina (…).
  4. Mugatzailea edo mugakizuna (edo biak) berez hitz-andana ihartu direnean, berrelkarketaz ezin hitz egin badaiteke ere, hiru hitz edo gehiago suertatzen dira elkarren ondoan.
    1. Mugatzailea edo mugakizuna erabat iharturiko hitz-andana denean: galeper-zakurra, akelarre-eguna, baserri-bidea, zorion-agurra, udaberri-gaitza
    2. osagai bietako bat ihartu samarriko hitz-andana denean: urbedeinkatu-ontzia

Goazen, bada, auzia berritzera eta hor esana, batez ere 3. puntu horretan salbuespentzat jotzen zena, adibideetan ikusi dugunarekin alderatzera, ea arestian plazaratu genituen iritziak oraingo adibideek egiaztatzen dituzten.

Guztiarekin ere, hasiera-hasieratik garbi utz dezagun berriz ere (H-E/4: 59 / 45), izen elkartu gehienak (eta euskaraz bakarrik ez) bi osagaikoak direla; Eguzki-lore motan ere horixe ikusi dugu. Alegia, hitz-elkarketa baliabide errekurtsiboa izanagatik, gramatikak ez bada ere, ulergarritasunak mugatzen duela, nahiz eta mugatze honetan hizkuntzatik hizkuntzara aldea egon daitekeen (alemanez, antza, ingelesez baino aiseago jotzen dute bi osagaitik gorakoetara (Marchand (1960b); baita nederlanderaz ere214…). Hitz batean esateko: zenbat eta osagai gehiago, orduan eta ilunago bihurtzen da hitz elkartua; ezin baitugu ahantzi osagaien arteko erlazio semantikoak ere ugaltzen direla.

Ildo beretik, ulertzekoa da bi osagai baino gehiagoko elkartuak ditugunean ere osagai biko sustraiko egiturara jo behar izatea, elkartua bere betean ulertuko badugu (Bloomfield 1933, etab.); hots, hierarkiaren auziaz ari gara: bi osagai lotuko ditugu lehenik eta gero bi horiek bakarra balira bezala jokatuko dute beste osagai batekin elkartzean. Ahosabai hots diogunean, esaterako, lehenik ahosabai izen elkartua osatuko dugu eta ondoren izen (elkartu) hori beste izen bati lotuko diogu eta ‘mugatzailea (izen elkartua) + mugakizuna (izen bakuna)’ egiturako hitz elkartua sortu.

Horrelako eraikuntzak berriak edo zaharrak diren gogoan izatea ere komenigarria da. Azkaratek (1990) jasotzen duen bezala, hizkuntzalariek aski berriak direla onartzen dute. Marchand-ek berak aitortzen du alemanez antzina hiru baino gehiagokorik ez zegoela; bost eta sei osagaikoak berri samarrak direla. H. Koziol-ek (1937) ere dio ingelesez hizkera arruntean nekez aurkituko ditugula bi osagai baino gehiagoko elkarteak; hirukoak literatur hizkuntzan edota legelarienean azaltzen omen dira batik bat.

Hori guztia kontuan izanik, hortaz, zer esan dezakegu gure corpuseko bi osagai baino gehiagoko elkartuez?

Lehenik eta behin, badirudi lehen kolpetik bazter uzteko modukoak direla osagaietako bat ihartua dutenak (H-E/4: 58 / 44), hiztunak elkartutzat ez baina izen soiltzat badauka, berrelkarketaz hitz egitea ez bide litzateke-eta guztiz zuzena izango. Baina puntu honetan, jakina, auzi-iturririk ez da falta, hiztunak noraino sumatzen duen ihartzea.

Eta, zer esan gure auziari bete-betean dagokion arestiko 3. puntu horretan jasoez? Zein jokamolde dute Eguzki-lore motako elkartuek oro har bi osagaitik gorako elkartuak eratzeko aukerari gagozkiola? Ba al dago alderik motatik motara? Eta, esate baterako, irizpen, multzo, zati eta mota-elkarteek errazago onartzen dutela berrelkarketa esaten denean (H-E/4: 58 / 44), irizpen-elkarteetarako ematen diren bi adibideak (butano-saltzaile itxura / kafe erre usaina) gertakari beraren adibide al dira? Nola uztartzen dira 2. puntua (elkarketan osagai mugatzaileak ezin duela adjektiborik onartu, alegia) eta 3.4. puntuko kafe erre usaina adibidea? (H-E/4: 58 / 44). Beste hamaika galdera ere egin daitezke.

Bada, honek guztiak garamatza argitasunaren mesedetan benetako berrelkarketa: “elkartu ondoko elkarketa, elkartua berriz elkarketan erabiltzea” edo defini dezakeguna (ahosabai hots, emakume-eta haur-taldea…) eta elkartuaren osagaietako bat izen hutsa ez duten ―zehatzago esan, determinatzailerik gabeko IS mugatzailea duten― elkartuak bereiztera (ur bedeinkatu ontzi, kafe erre usain…).

Zehazte honetan, era berean, komeni da benetako berrelkarketatzat jo duguna zein elkartu motak osatzen duten eta berrelkarketa nola gauzatu den aztertzea.

IV.2. Berrelkarketa

Esan bezala, berrelkarketa gauzatu dela esango dugu elkartuaren osagaietako bat era berean elkartua bada. Esana ere dugu kontua sustraiko biko egiturara iristea dela, horrek emango baitigu elkartu osoaren berri zehatza. Batzuetan garbi samar antzemango diogu osaerari, baina beste batzuetan zalantzak izango ditugu. Baina ez dezagun ahantzi zailtasunak ez direla bakarrik euskararenak; esate baterako, Ch. Bally-k (1932) ere aspaldixko aipatu zuen maitre d’école de village frantsesez har daitekeela maitre d’école + village, nahiz maitre + d’école de village bezala. Zenbaitetan, beraz, egitura anbiguoak izango ditugu, modu batera baino gehiagotara har daitezkeenak (azken batean hitz elkartuari berezko omen zaion anbiguotasunaren ondorio besterik ez liratekeen zalantzak izango ditugu).

Azkarateri (1990,1991) jarraituz, sailkapen xeheagoa egiteko irizpide hartuko dugu zein osagai errepikatzen eta zein isilpean gordetzen den. Ez ditugu adibide guzti-guztiak jasoko, aurreko kapituluetan ere behin baino gehiagotan aipatu baititugu aldi berean izen elkarte ziren mugatzaileak eta mugakizunak; baina bai nahikoak joera nagusiez ohartzeko.

Uste dugu komeni dela berrelkarketaren barrenean bi multzo nagusi egitea, osagaiak juntagailuren batek lotuak izatearen edo ez izatearen arabera. Bi osagaitik gorako elkarteak xehekiago aztertzen hasi aurretik, ordea, argitu nahi dugu, euskaldunek askotan hitz bakar gisa ikusi arren, bi osagaiko egituratzat hartu ditugula arratsalde, eguerdi, Gabon, Urteberri, zorion eta kidekoak. Hala ere gerta daiteke adibideren batean edo bestean geuk ere izen bakartzat hartu izana eta adibidetegian bi izenez osatutakoekin batera azaltzea.

IV.2.1. Koordinaziozko hedapena edo juntagailuz lotuak

IV.2.1.1. Mugakizun bera duten bi izen elkartuk osatuak

Mota hau da ugariena. Ezkerreko izen elkartuko mugakizuna isilpean dago eta eskuinekoari eusten zaio. Eta, edo juntagailuek lotzen dituzte, oro har, osagaiak.

belar eta ahotz-pila / mozkor, lapur eta lander saldo / gramatika eta elerti sail / muno ta mendixka sail / ardi eta abere talde / eleder edo literatura alor / giza edo gizon aldra edo batza / iluntasun, eta errierta pixka / fruta eta berdura apur bat / piper-hauts eta gatz pixka / harri-koskor, ikatz edo kisu puska / aratxeki edo lumaki pixka / kaleko euskara eta erdara ttantta / urdai edo txorizo-puska / antxoa, sardina edo lantzoi zati / aran eta muxika-zati / ur eta ogi-barau / neke eta kezka-modu / formazio edo produkzio modu / dohain edo jite mota / donu, dohain eta abantaila suerte muga edo leku suerte / manamendu eta zirimonia suerte sakristau eta komentu-usain / poz eta negar-iturri / formazio eta informazio-bide / dantza eta kanta saio / laia, aitzur, eta aizkora kirten / platano eta kakahuete azal / arto eta gari uzta / burni eta berun-zama / automobil edo beribil-zarrastada / barkamen edo bekamen egun / baso eta botila hots / giltza eta sarraila zarata / bekatu eta herio lege / mendetasun eta zintzotasun-hitz eta agindu / elorri eta lizar adar / erlijio-, arte eta jakite-liburu / etnia-eta kultura-kontzientzia / baso eta soro behar / modernizatze eta batasun lan…

Adibideetan ikus daiteke bi mugatzaile baino gehiago ere izan ditzakegula eta, edo juntagailuez elkarturik: antxoa, sardina edo lantzoi zati; mozkor, lapur eta lander saldo; laija, aitzur eta aizkora kirten; donu, dohain eta abantail suerte; erlijio-, arteeta jakite-liburu; harri-koskor, ikatz edo kisu puska… Azken adibide honek, bestalde, argi asko erakusten du mugatzailea ere, aldi berean, izan daitekeela izen-elkartea; horrelakoa dugu beste hau ere: piper-hauts eta gatz piska; eta bi mugatzaileak ere izan daitezke, aldi berean, hitz-elkarte: arin-eskas eta leun-eskas aire (§ II.5.2.1). ‘Izena + adjektibo’ osaerako mugatzailea ere izan daiteke juntagailuak elkartzen duena: izerdi eta jantzi busti usain, epopeia eta kantu heroiko andana; eta ‘izenlaguna + izena’ osaerakoa: kaleko euskara eta erdara ttantta.

Bada, bestalde, guztiz berezia den adibide bat, mugatzaileak nahiz juntagailuak elkartzen dituelako eta bigarren mugatzailea izen-sintagma egiturakoa delako (eta ez izena, ohikoa den bezala): bizkaitar nahiz bertze edozein eskualde usain (§ II.5.2.12).

IV.2.1.2. Mugatzaile bera duten bi izen elkartuk osatuak

Hauek askoz gutxiago dira arestikoak baino. Halakoetan, mugatzaile horri dagozkion bi mugakizunak elkartzen ditu juntagailuak

Ogi zerra eta puska / ekonomia modu edo molde / emakume mota edo klase / liberal-usain eta kolore / elorri-arantza edo adartxo / gazte aldra edo batz / zaldi-ule edo zurda (?)215 / euskal olerkari eta idazle / gari-sorta edo bala / hitz ugaritasun eta edertasun / ikusiezin puskatxo edo zatitxo / palanka joko edo apustu

IV.2.1.3. Mugatzailea eta mugakizuna, biak juntatuak dituztenak

Gutxi izan arren, baditugu corpusean adibideak mugatzailea eta mugakizuna, biak, juntagailu bidez elkartuak dituzten elkarteenak: giza edo gizon aldra edo batza; mendetasun eta zintzotasun-hitz eta agindu. Garbi dago, hala ere, ez direla ―ezin izan direla― asko eta, nolanahi dela ere, osaera aski gardena dute.

IV.2.1.4. Osagai juntatuen osaera

Elkartu ondoko azterketa eta sailkapenari gagozkiola, bi osagaiz eratutako mendekotasunezko izen elkartuak bezalaxe azter daitezke hemengoak. Hortaz, liburu honetan zehar erabilitako sailkapen bera erabil daiteke berriz ere elkartuontzat.

Esate baterako, “Multzo-elkarteetan” (§ II.2) sailkatzekoak dira, besteak beste, belar eta ahotz pila, ipuin eta bertso pilo; idi, behi eta ardi talde; giza edo gizon aldra edo batza… “Zati-elkarteetan” (§ II.3), piper-hauts eta gatz pixka, aran eta muxika-zati, harri-koskor, ikatz edo kisu-puska, ikusi ezin puskatxoa eta zatitxoa… “Mota-elkartekotzat” (§ II.4) ditugu, berriz, formazio edo produkzio modu, dohain edo jite mota, muga edo leku suerte; emakume mota edo klase… “Konparazio-edo irizpen-elkarteak” (§ II.5) ere jaso ditugu: sakristau eta komentu-usain, liberal-usain eta kolore… Eta abar. Mugakizun horietako bakoitzean ere saiatu gara mugatzaile eta mugakizun elkartu hauek nabarmentzen.

Eguzki-lore motako Behi-esne arruntak ere baditugu: laia, aitzur eta aizkora kirten, bekatu eta herio lege, elorri eta lizar adar… Bi osagaien artean era askotako erlazio semantikoak izan ditzakegu, baina maizenik atera zaizkigunak ondokoak dira: ‘iturburua’ (§ I.5.1) (baso eta botila hots…), ‘edukia’ (§ I.5.4.2) (eleder edo literatura alor…) eta ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3) (zaldi-ule edo zurda…)…

Guztiarekin ere, adibideek erakusten dutenaren arabera, ugarienak “Multzo-eta zati-elkarteak” dira.

Esandako guztiak hurrengo bi sailetarako ere balio du.

IV.2.2. Juntagailurik gabeak

Bi osagaiz mendekotasunezko izen elkartua eratu eta batere juntagailurik gabe, beste mendekotasunezko izen elkartu bateko osagai gisa azaltzen deneko adibideak ditugu hemen. Horrelakoetan, batzuetan ez da samurra gertatzen zehaztea zein den elkartuaren osaera urratsez urrats, baina lehengo irizpidean oin hartuz, sustraiko biko egitura argitzeko ahalegina egin beharko dugu.

Azterketa xeheena egitekotan, elkartu osoaren sailkapena egin ondoren, bere osagaiena ere egin beharko litzateke. Hemen nahiz eta zehatz-mehatz eta goitik behera egingo ez dugun, komeni da ildo nagusien berri izatea, batez ere atal honen hasieran paratutako galderei erantzuteko eta orain arteko jokamoldea zein izan den jakiteko.

Hona, hortaz, lehen urratsean aurkitu ditugun adibideen sailkapen nagusia:

  1. Behi-esne moduko mendekotasunezko elkartu arruntak:

    ardi-ertzaro, kale-borroka hots, kamioi-motor hots, burdin-mailu hots, olatu hots zantzu, ahosapai hots, argibide-iturri, jaiegun arratsalde, basahuntz azpizun, herri-hitz hiztegi, sorgin-hagin zulo, aizkora-joko egun, sorgin-batzar garai, lur-abere lantegi, frantses literatur liburu, bertso-paper txapelketa, atsegin-kontentu toki, bizilagun kopuru, esne-zopa katilu, baso-ardo tragoxka, eskulan etxe, eliz gobernadore hierarkia, erregebide-bazter, eliza-aldare saihets

    Arestian jaso bezala, hainbat erlazio semantiko gauza daitezke elkartuaren osagaien artean. Horrela, esate baterako, ‘iturburua’ (§ I.5.1) maiztxo dugu, mugakizuna hots edo esanahikideren bat denean. Baina bada bestelakorik: ‘ondorioa’ (§ I.5.5) (argibide-iturri…), ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3) (basahuntz-azpizun…), eta, batez ere, ‘edukia’, (§ I.5.4) ia gainerako guztietan.

  2. Mendekotasunezko elkartu arrunt horien ondoan, bereziak ere askotxo dira.
    1. “Multzo-elkarteak” (§ II.2.2): eskoletxe andana, baxoerdi mordo, ontzijabe mordo, erlijio liburu multzo, herrizain multzo, mahats pikor mulko, haritz-ipurdi pila, urre-hauts pila, gogo-gudari-sail, galde-eskari sail, garagar-gari sorta, trenbide sorta, eliz kantari talde, usakume biko, esku-bonba pare
    2. “Zati-elkarteak” (§ II.3.2): hartu-emon apur, euskaldun-sentipen apur, astiune-apur, bakealdi pixka, kafesne pixka, ur-esne pixka, hego-haize pixka, lursagar irin poxi, kirats aire poxi, denboraldi puska, esne-koipe puska, ogi-ardo puska, azahar-ur tanto, artakoskol erdi
    3. “Mota-elkarteak” (§ II.4.2): nekazaritza artzaintza ekonomia molde, ahosabai modu, baso-zuhaitz mota, eskoletxe mota, etxabere mota, literatur hizkuntza molde, lur-langintza ekonomia molde… Aipagarriak dira nekazaritza-artzaintza ekonomia mugatzailea, lehen osagaitzat dvandva-elkartea duena (ikus H-E/1: XIV) eta lur-langintza ekonomia mugatzailea, lehen osagaitzat beste mendekotasunezko izen elkartu bat duena. Aurreraxeago itzuliko gara lau osagaiko elkarte hauetara.
    4. “Konparazio-edo irizpen-elkarteak” (§ II.5.2): basakatu antz, basomutil itxura, lursagar kutsu, paper-gauza kutsu, santu-izen usain… Gure corpusean arras adibide gutxi dituena.
    5. Sumpsumtiboak (§ II.6.2.4): hizperri-eratze lan, euskara-ikaste-irakaste lan
    6. Andregai (§ II.7.2) eta hitzaurre (§ II.8.2) modukoak: lekaide-soin azpi, orrialde azpi, ingeniari-konpainia buru, elerti-ederti gai, loaro aldi, mortero tira-aldi, itsas lanbide, ola-kebide, bihotz-hutsune…; bazko gaiherdi ondo, eliz mahai aurre, erregebide bazter, gauerdi inguru, kare-harkaitz gain
    7. “Aurreproiektu” modukoak: barne-bakarrizketa, barne-jardunaldi, (goi argi jario)….

Bereiz aipatzekoak dira mugatzailea euskal, erdal, eusko dutenak, osagai horien berezitasuna dela medio:

euskal aho poesia; euskal ederti gai; euskal egunkari-gai; euskal eliz hierarkia; euskal herrialde; euskal hitz-jostaldi; euskal hitz neurtu; euskal hizkera mota; euskal hizkuntza-jakinde; euskal izen-jakintza; euskal kirol jaialdi; euskel olerti-jai; euskal pizkunde egun; euskal giza maila; erdal bertso bikote, erdal maite-literatura… Euzko-gudaroztea, Eusko Langile Alkartasuna

Azken horietan batez ere askotan ez dago garbi jakiterik zein den osaera: euskal [eliz hierarkia], euskal [ederti-gai], euskal [kirol-jaialdi], euskel [olerti-jai], erdal [bertso-bikote], eusko [gudaroste]…? Hots, izen elkartua dugu mugakizuna eta euskal osagaia mugatzailea? Ala, [euskal eliz] hierarkia, [euskal ederti] gai, [euskal kirol] jaialdi, [eusko gudari] oste, etab.? Hau da, euskal osagaiak eta beste izen batek osatzen duten izen elkartua da elkartu osoaren mugatzailea eta beste izen bat da mugakizuna?

Beste batzuetan, berriz, gardenxeago bereiz daitezke osaera batekoak eta bestekoak. Lehenetakoak ditugu, besteak beste, euskal [aho poesia], euskal [herrialde], euskal [hitz-jostaldi], euskal [hitz neurtu], euskal [giza maila]… Bigarrenetakoak, berriz, [euskal egunkari] gai, [euskal izen] jakintza, [euskal hizkera] mota, [euskal pizkunde] egun, [eusko langile] alkartasuna

Honenbestez, badirudi Eguzki-lore elkarketa zabaleko ia mota guztietako adibideak ditugula berriz ere, mota batzuek adibide gehiago eta beste batzuek gutxiago dituztela. Osagaietako bat (mugatzailea nahiz mugakizuna) ihartua denean, hiztunak elkartua dela sumatzen ez duenean, esan dugun eta espero izatekoa den bezala, aiseago egingo ditugu bitik gorako elkartuak. Zerrenda aspertu arte luza daitekeenez gero, beste askoren artean batzuk besterik ez ditugu ekarriko diogunaren erakusgarri: baserri-kutsu, ekonomi gizarte, bekain-ile, burdinbide-habe, eskutitz-azal, harresi-atari, oilasko barrunbe, artzain txabola, sagardo botila, zaldun eleberri, zorion itxura, zorigaitz lagun

Hitz elkartuetako osagaien osaeran sartzen bagara, berriz, bereiz jaso ditugun euskal/eusko/erdal osagaia dutenak albo batera utziaz, adibide gehienetan mugatzailea da aldi berean elkartua dena eta gutxiagotan mugakizuna. Alegia, lehen ikusi dugun gertakari bera.

Sorgin biltoki, ardi-ertzaro, ola-kebide, barne-bakarrizketa, barne-jardunaldi aipa daitezke gutxiago direnen ―mugakizun elkartua dutenen― adibide. Azkenon barrengo osaerari begiratzen badiogu, berriz, ohartuko gara Jarleku motako mugakizuna dutela gehientsuenek: sorgin biltoki, ardi-ertzaro, barne-jardunaldi…, mugatzaile elkartuetan oso nekez daukaguna.

Mugatzaile elkartuen barrengo osaeran arakatuta egiazta dezakegu era askotako elkartuak ditugula, berriz ere, berrelkarketako osagai, baina itxura batean, gehienak Eguzki-lore motakoak dira. Ekar ditzagun ugarienak:

  1. Behi-esne moduko arruntak dira franko; era askotako erlazio semantikoen araberakoak, gainera:
    1. ‘iturburua’ (§ I.5.1): olatu hots zantzu, azahar-ur tanto, hego-haize pixka, urre-hauts pila, esne-koipe puska (‘osoa-zatia’ moduan ere har daiteke), sorgin-batzar garai, ingeniari-konpainia buru, karlista-gerra denbora
    2. ‘jabegoa/egilea’ (§ I.5.2): herri-hitz hiztegi (‘iturburua’ ere uler daiteke), sorgin-hagin zulo, euskaldun sentipen apur
    3. ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3): kamioi-motor hots, ahosapai hots, haritz-ipurdi pila, ogi mami zati, ogi-bihi suerte
    4. ‘edukia’ (§ I.5.4): bertso-paper txapelketa, erlijio liburu multzo, erlijino-poesi alor, sagardo-botilla-illara, luma abere mota
    5. ‘ondorioa, emaitza’ (§ I.5.5): oso adibide gutxi izan arren, legebatzar toki
    6. ‘baliabidea’ (§ I.5.6): eskulan etxe, gogo-gudari sail, esku-bonba pare
    7. ‘gaia’ (§ I.5.7): lursagar irin poxi, (mugatzailea era berean elkartua da: behi-esne motako ‘lekua’ harremanaren araberakoa: lursagar), lursagar kroketa, harresi atari, burdin-mailu ots, esne-zopa katilu
    8. ‘lekua’ (§ I.5.9): kale-borroka hots, basahuntz azpizun, lur-abere lantegi, basomutil itxura, korta-lohi pila
    9. ‘helburua’ (§ I.5.10): sudur-hauts ontzi, erregebide-bazter
  2. Eguzki-lore elkartuetako mota berezien artean sailkatzen ditugunak ere baditugu. Esate baterako, “Zati-elkarteak”: baxoerdi mordo…, “Andregai eta hitzaurre modukoak”: astiune-apur, bake aldi pixka, denboraldi pixka, loaro aldi, arratsalde askari
  3. Mugatzaile elkartu gehienak aipatu motakoak izanagatik, Eguzki-lore motakoak ez direnak ere badira. Besteak beste:
    1. Elkartu sintetikoak (H-E/3, II): herrizain multzo, ontzijabe mordo, hutsegite modu, lur-langintza molde, hizperri-eratze lan
    2. Jarleku motakoak (H-E/3, XI): argibide-iturri, saletxe alde, jostorratz ontzi
    3. Dvandva elkartu kopulatiboak (H-E/1, XIV): hartu-emon apur, galde-eskari sail, garagar-gari sorta, ar-eme kontu, arrautza-olio nahasjaki (mugakizuna ere elkartua duena), ardo-olio zahagi
    4. Koordinaziozkoak (H-E/3, IX.2): kafesne pixka, ur-esne pixka, ogi-ardo puska
    5. Atribuziozkoak (H-E/3, IX.1): jaiegun arratsalde (‘edukia’ ere uler daiteke; “egunean jaia zertu”), eskoletxe andana (koordinaziozkotzat ere har daiteke: “dena delako eraikuntza aldi berean eskola eta etxea da” ulertuaz)…
    6. Tautologiak (H-E/1, XIV.1): atsegin-kontentu toki, eta abar.

Mugatzaile elkartua duten sail honetan aipagarriak dira, besteak beste, hizperri-eratze lan, euskara-ikaste-irakaste lan, sumpsumtibotzat (§ II.6.2.4) jo ditugunak,“Hitzaurre moduko” (§ II.8.2) bazko gaiherdi ondo edo “Mota-elkarteetako” (§ II.4.2) nekazaritza artzaintza ekonomia molde, barrengo osaera trinkoagoa dela medio. Hauen berri xeheagoa ematen saiatuko gara, aldizka, irakurleak, hartzaileak, topa dezakeen konplexutasuna erakusteko.

Har dezagun lehenik atzena jaso duguna: nekazaritza artzaintza ekonomia molde. Izen elkartu honek bi interpretazio modu izan bide ditzake:

  1. [nekazaritza-artzaintza] ekonomia]] molde]]] nahiz
  2. [nekazaritza ekonomia] molde]] [artzaintza ekonomia] molde]]. Alegia,

[IZEN + IZEN] (dvandva elkartu kopulatiboa)  [IZEN + IZEN] (Behi-esne mend.)  “mota-elkartea”

[nekazaritza+artzaintza] + ekonomia ]] molde.

Edo, bestela esan:

[[IZEN + IZEN] (Behi-esne mend.) + IZEN (“mota-elk.”)] (dvandvaren ezkerreko osagaia: nekazaritza ekonomia + molde ) +

[[IZEN + IZEN] (Behi-esne mend.) + IZEN (“mota-elk.”)] (dvandvaren eskuineko osagaia: artzaintza ekonomia + molde.

Eta mugakizunak errepikatzen direnez, lehena isilpean utzi eta mugatzaileak elkarte kopulatiboan bildu.

Bi aukerak aipatu besterik ez ditugu egingo, oraingoz, hizkuntzalaritzan ez baita, guk dakigula, ikuspuntu teorikotik gai hau sakonki aztertu.

Bi sumpsumtiboak hartzen baditugu, berriz, biek dute mugatzailetzat hitz elkartu sintetikoa; gainera, hizperri-eratze elkartu sintetikoaren ezkerreko osagaia aldi berean elkartua da. Bigarrenaren osaera berriz ere urratsez urrats zehaztuko dugu, beste adibide batzuetarako argigarri izan daitekeelakoan. Horrela ulertu dugu:

[[euskara ikaste] (lan) [(euskara) irakaste]] lan. Alegia,

[IZEN + IZEN] (ekintza elkarte sintetikoak: euskara ikaste / euskara irakaste).

[IZEN + IZEN] (elkartu kopulatibo dvandva: euskara ikaste + euskara irakaste → euskara-ikaste-(euskara)irakaste, bigarren mugatzailea oraindik ere agerian edo isilpean dagoela.

Hemendik aurrera ere bi aukera egon daitezke:

[IZEN + IZEN] bi sumpsumtibo osoak eratu ditugu eta ondoren elkartu (euskara-ikaste] lan + (euskara) irakaste] lan. Eta gero lehen elkartu sumpsumtiboko mugakizuna (lan) isilpean gorde: euskara ikaste (lan)-(euskara) irakaste lan. Edo,

[IZEN + IZEN]: Sumpsumtiboa eratu dugu zuzenean elkartu kopulatiboaz (euskara ikaste-irakaste) baliatuz:

Baditugu, era berean, bi osagaiak elkartuak dituzten elkartuak: jaiegun arratsalde, euskal kirol jaialdi, burulangile lorealdi

Bazko gaiherdi ondo elkartuaren osaerak, berriz, zalantza gutxiago sorrarazten bide ditu. Partiketa hauxe dirudi egokiena: Bazko gaiherdi] ondo; mugatzaile elkartua duten multzokoa, hortaz, baina elkartu horren mugakizuna era berean elkartua dela: bazko] gau + erdi]. Eta antzeko zerbait esan dezakegu mendi-hegal zoko kate adibidea dela eta: mendi-hegal] zoko] kate] bide da urratutako bidea.

Azkenik aipa dezagun Eguzki-loremotakoa beste elkartu mota baten osagaia ere izan daitekeela. Esate baterako, ondoko elkartu sintetikoen osagaietako bat, ezkerrekoa, ‘zati-elkartea’ (§ II.3.2) dugu: [zorion-izpi] jario; “Aurreproiketu(§ III.2.5) motakoa da, berriz, [goi argi]-yario.

.

IV.3. Osagaietako bat izena ez duten elkartuak

Izen kategoriako osagaiak elkartu ohi dira liburu honetan aztergai ditugun Behi-esne moduko izen-elkarteak sortzeko. Baina aurreko kapituluetan behin baino gehiagotan aipatu ditugu bestelako adibideak ere, hau da, kategoria sintagmatikoko osagaiak zituztenak. Horrelakoetan, determinatzailerik gabeko IS izan ohi da mugatzailea. Oro har, izen batek eta adjektibo batek osatzen dute mugatzailea; kasuren batean edo bestean, izenlaguna dugu.

Sail honetan interesgarriena izan daiteke ikustea zein mugakizunek onar ditzaketen gisa horretako mugatzaile batere ohikoak ez direnak.

Hauxe da adibideen sailkapena:

  1. “Multzo-elkarteak” (§ II.2)

    epopeia eta kantu heroiko andana, neskato ile harrodun andana, burdin ziri mehe andana, ke beltz mordo, ur bedeinkatu parrasta, dotrina galgarri pila, jesarleku-txiki pilo, ezkongai gazte pilo, erromatar hizkera-talde, liberal mantso talde, abere mutu tropel…

  2. “Zati-elkarteak” (§ II.3)

    literatura politiko apur, kafe bero pittin, ardao zuri pixka, haragi egosi puska, hauts bero puska, tipula xehetu puska, gazta zahar pusketa, odol gorri xorta, salda bero xorta, ur bero xorta…

  3. “Konparazio-edo irizpen-elkarteak” (§ II.5)

    haur lerden itxura, sendagile on fama, liberalen biltoki fama, artobero usain, izerdi eta jantzi busti usain, porru berde usain, bizkaitar nahiz bertze edozein eskualde-usain, usteldutako hosto usain, goma erre usain…

Egia esateko, zegokionean arrazoitu dugun bezala, guztiak ez dira gisa berekoak, bai baitaude hor tartean benetako “usainak”, metaforikoekin nahaste, baina bistan da orain aztergai dugunerako bereizkuntza horrek ez duela ardura.

Bereiz aipatzekoa da bizkaitar nahiz bertze edozein eskualde-usain adibidea, mugatzailearen osaera dela medio.

  1. Hitzaurre modukoak (§ II.8)

    praka zahar barren, abar orlegi gain

  2. Behi-esne modukoak

    ardo zahar ontzi, ur bedeinkatu ontzi, ur bero botila, emakume abertzale-batza, frantses literatur liburu, buru ahaztukor-altzo…

    urdaiazpiko gordin xerra, almendra-mikatz hauts…

    mutilzahar rarezia, fraide berri bizitza, hitz neurtu txapelketa …

Askoz adibide gutxiago ditugu sail honetan arestikoetan baino. Azalpenetan sartu aurretik nolanahi dela ere, ohartu behar dugu mutilzahar, fraide berri, hitz neurtu mugatzaileak hiztunak seguruenik hitz elkartu (areago, izen soil) moduan hartzen bide dituela.

Bestetik, berriz ere esan beharrean gara “Multzo-eta Zati-elkarteak” ditugula nagusi, “Konparazio-edo irizpen-elkarteekin” batean.

Baina errepara diezaiogun beste honi: azkenik jaso dugun Behi-esne motako adibideetako osagaien arteko erlazio semantiko nagusia ‘edukia’ (§ I.5.4) da, eta ‘iturburua’ (§ I.5.1) da, “Multzo-elkarteena” bezalakoa, alegia. Erlazio horixe dute lehen multzoan bildu ditugunak (mugakizunak ontzi, batza… bezalako “ontziak” edo dira); ugarienak, bestalde.

Horren ondoan, ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3) bide da beste harremana (urdaiazpiko gordin xerra), (almendra-mikatz hauts adibidean, zehatzagoak izan nahi badugu ‘iturburua’ dela ere esan dezakegu), “Zati-elkarteena” bezalakoa alegia. Baina egin dezagun kontu harreman hau ‘edukia’-n ere uler daitekeela: zerbaiten zati denak zerbait hori ere bai baitu (urdaiazpiko xerraren edukia urdaiazpikoa da).

Hortaz, laburbilduz, azken multzo honetan (§ IV.3) bildu ditugun bezalakoek mugatzailearen kategoriaren arazoa aurkezten digute: determinatzailerik gabeko izen sintagmak baldin badira (gehienak [I Adjektibo], gutxienak [Izlag I] osaerakoak) nola uztartu gertakari hori bestean ere ahotan hartu dugun harako erabide lexikoetan kategoria lexikoak besterik ez ditugula erabiltzen; zehatz esan, izena, adjektiboa, aditza eta adberbioa. Jaso ditugun horiek, itxura guztien arabera, lexikotik kanpora jotzera garamatzate, kategoria sintagmatikoetara. Baina, dena dela, ohart gaitezen sintaxian bete-betean erabiltzeko modukoak ere ez direla, determinatzailea falta baitute. Hau dela eta, lexikoaren eta sintaxiaren arteko egituratzat jo izan dira216; alegia, ez erabat lexikoan, ez erabat sintaxian kokatzekoak: batetik besterako pasabidean egongo bagina bezala edo.

Ikusi dugu ardurakoa dela poliki begiratzea zein elkarketa-mota jaso ditugun sail berezi honetan eta zein ez. Horrela, ikusi dugu ugarienak “Mugakizun bereziko izen-elkarteak” ditugula; zehazkiago, “Multzo-, Zatieta Konparazio-edo irizpen-elkarteak” (usain mugakizunekoak batez ere). Baina era berean aipatzekoa da ez dugula sail zabal horretako beste motetako adibiderik (“Mota-elkarteak”, sumpsumtiboak, andregai modukoak…) jaso, hitzaurre motako bi adibide eskas horiek alde batera uzten baditugu.

Behi-esne arruntetan ikusi dugu jaso ditugun adibideak oso urriak direla.

IV.4. Ondorioak

Kapitulu honetan jaso ditugun adibide eta mota guztiak hartuta, honako ondorioak atera ditzakegu:

  1. Ihartuak alde batera utzita, ez dugu oro har bi osagaitik gorako mendekotasunezko elkarteetara jotzen. Eta horrelako egituretara jotzen badugu, juntaduraz, koordinazio-hedapenaz baliatzen gara batez ere: elkartuaren azalari begiratuta, mugatzaileak juntatzera areago mugakizunak juntatzera baino. Hauetan nagusi dira “Multzo-eta Zati-elkarteak”.

  2. Benetako berrelkarketara ez dugu horren aise jotzen, eta jo dugunean honako joerak atzeman ditugu:
    1. Mugatzailea izan ohi da hitz elkartu osoaren osagai elkartua; gutxiagotan mugakizuna.
    2. Aurreko lanetan esandakoaren arabera, “irizpen-, multzo-, zatieta mota-elkarteek” errazago onartzen dute berrelkarketa (H-E/4: 58 /44). Baieztapen hori pixka bat zehaztu beharrean gara. Antza denez, mota hauen artean aldea dago: ez dute guztiek emankortasun bera. Gure adibideen arabera, berriz ere, “Multzo-eta Zati-elkarteak” dira nagusi. Baina aipatzekoa da, era berean, Behi-esne mendekotasunezko arruntak ditugunean ere ‘edukia’ erlazio semantikoa dugula askotan eta baita ‘iturburua’ ere, “Multzo-elkarteetan” dugun bera, alegia.

    3. Elkartuak diren osagai mugatzaileetan zerbait nabarmentzekotan, behi-esne motakoen nagusitasuna da aipatzekoa, baina gainerako motetakoak ere ez dira gutxi. Ugarienetan ez dugu osagaien erlazio semantikoen ikuspegitik joera nabarmenik sumatu.
  3. Errazagoa da berrelkarketa mugatzailea euskal, eusko, erdal modukoa denean (H-E/4: 58 / 44). Hala ere, adibideak aztertuaz, ikusi dugu batzuetan ez dagoela garbi jakiterik zein den elkartua den osagaia, mugatzailea edo mugakizuna.
  4. Determinatzailerik gabeko IS mugatzaile duten elkarteak ere ikusi ditugu; horietatik gehienak “Multzo-eta Zati-elkarteak” dira, baina ez da falta “Konparazio-eta irizpen-elkarterik” ere.

Hortaz, bistan da badagoela gai aski azterkatzen eta ikertzen segitzeko hemen egin dugun deskripzio edo berri-emate soiletik haratago joko badugu. Guk corpusaren azterketa eta sailkapenean oinarrituz, susmo hutsean utzi dugu elkartuen osagaien arteko erlazio semantiko motek zerikusirik ba ote duten atal honetan jaso ditugunekin, berrelkarketarekin eta mugatzailea determinatzailerik gabeko IS dutenekin batik bat.

Era berean, poliki aztertzekoak dira liburu honetan zehar aipatzen joan garen beste bi kontu gutxienez: mugatzaile lexiko hutsak ez direnak onartzen dituzten mugakizun horien eta zenbatzaileen arteko lotura eta mugakizun horien eta argumentu-egituraren artekoa.

Guztiarekin ere, ez dezagun atzendu atal honen hasieran genioena: adibide gehienak XX. mendetik honanzkoak dira. Ildo beretik, gogoan izan dezagun argitasunak agindu behar duela buruen-buruenik horrelakoetan, jakina baita zenbat eta osagai gehiago izan orduan eta ilunagoa gertatzen zaiola deskodetze lana hartzaileari.


213 Eztabaida honetaz, ikus Azkarate (1990: 329 hur; 1991: 128-129) eta Lieber; Stekauer (arg.), 2009.

214 Izen kategoriako osagaiak dituen mendekotasunezko elkarteetan ohikoak dira lau osagaiko elkartuak ere: weersvoorspellingsdeskundigencongres ‘eguraldi aurreikuspen aditu kongresu’ (Don 2009: 370-371)

215 Galde ikurra paratu diogu bi eratara har daitekeelako: “[zaldi-ule] edo [[zaldi] zurda]”, nahiz “[zaldi-ule] edo [zurda]”, zurda nola hartzen dugun; alegia, zaldiena ez ezik beste animalia batzuen isatseko ilea izan daitekeela eta zaldiarena dela zehaztu nahi dugula (lehen moduan) edo zaldi-ule osorik zurda-ren sinonimoa dela pentsatuta (bigarren moduan).

216 Pérez Gaztelu; Zabala; Gràcia (2004).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper