Bilbo Zaharra Forumaren ekimenez,Gabriel Aresti Harri eta herri liburuaren irakurketa jarraitua egiten ari da gaur, maiatzaren 22an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Mikel Martinez aktoreak hasiera eman dio ekitaldiari, eta liburuaren eskaintza irakurri du.
Hau da Klasikoen Irakurketa egitasmoaren zazpigarren edizioa. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa, 2011n Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, 2012an Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eta iaz Bernardo Atxagaren Obabakoak.
Euskaltzaindiaren aldetik, urtero bezala, kide batzuk parte hartzen ari dira. Esan bezala, liburuaren lehenengo hitzak Mikel Martinezek irakurri ditu, eta ondoren 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka. Andres Urrutia, Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Erramun Osa horien artean daude.