Gaur, apirilaren 8an, sinatu da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo lankidetza hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.
Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Hala, hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak aurten 80.000 euro erabiliko ditu Euskaltzaindiak Euskal Corpus Onomastikoan eginen dituen lanetarako, eta Nafarroan Onomastikako eta Toponimiako lanak egiteko.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak jarraian aipatzen diren lanak eginen ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan Nafarroako berezko aldaerak sartzen lagunduko du, hizkuntza kalitatearen zerbitzua martxan jartzen laguntza emango du, eta Euskaltzaindiak behar dituen itzulpenak egingo ditu. Lan horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, Euskaltzaindia da erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan, euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru Lege berean arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.
Ondoren, Nafarroako Gobernuak euskara irakasteko aurten egokitu dituen instalazioak bisitatu dituzte, Bartolomé de Carranza kalean kokaturiko helduen ikastegien egoitzan.