Ziburuk Janbattitt Dirassar ohoratu du. Herriko urrezko medaila eskaini zion, martxoaren 11n, aspaldiko urtetan Herriko Etxea bai eta herriko elkarte zenbait kartsuki laguntzen dituelakotz.
Guy Poulou Ziburuko auzapezak eskertu zuen egiten duen lan guzia. Ziburutik Donibanerako zubian den afixa-taulan abisu guziak euskaraz ezartzen ditu Janbattittek. Bertze gisako euskarazko itzulpenak ere egiten ditu herriarentzat. Herriko besten komiteko kide ere bada, eta bertsolariez eta fandango lehiaketaz bereziki arduratzen da Bixintxoetan. Komitearen himnoko hitzak berak idatziak ditu lagun batekin. Ziburun kokatua den Jakintza elkarteko kide ere bada, eta elkarte horrek agertzen dituen herrien monografietan euskarazko bildumak segurtatzen ditu. Ziburuko Luma euskal haurtzaindegiko lehendakari ere bada Janbattitt...
Hots, ez da alferrik egoki gure adiskide eta Herria astekariaren buruzagia, ohorezko euskaltzain ere badena. 77 urte eta beti xinaurri lanetan ari!
Egin zuen esker onezko hitzaldian, Janbattittek, haatik, aski kuriosa aurkitu du ohoratze hori herriko hauteskunde kanpaina garaian egitea (jakinez bere seme bat herriko abertzaleen listan aurkeztu dela, herriko auzapezarenaren aurka, beraz). Nahiz, lehenago egina izan bazitzaion, jendeak beharbada uste izango zuen medaila hori Sotxiko joko olinpikoetan irabazia zukeela; halaxe erran zuen ironia pixka batekin. Halaber, oroitarazi zuen lan hori guzia urtetan aitzina eraman ahal izan badu, duela bi urte zendu zitzaion Lore bere emazteari esker ere izan dela. Eta, hain zuzen, Loreri zion urrezko domina bihotzetik eskaini.