|
Datorren ostiralean, hilaren 21ean, "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean" mintegia egingo da Bilbon, eta bertan “Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena”ren egileek -Csaba Sándor Tabajdi Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldeko eta François Alfonsi Berdeak-ALEko Taldeko eurodiputatuek- parte hartuko dute. Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean antolatu dute, Goaz Museum aretoan izango da, goizeko 9:30etik 14:00etara, eta hedabideentzat irekita izango da.
Egitaraua (euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz) (PDF, 228,51 KB)
Aipatutakoez gain, beste eurodiputatu batzuk eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkariak ere mintegian izango dira. Hala, Izaskun Bilbao EAJ-PNVren eurodiputatuak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkarik ere parte hartuko dute. Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea da mintegiko koordinatzailea.
Eleaniztasuna, europar aberastasun eta dibertsitatearen adierazle
“Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena”, François Alfonsi korsikar diputatu eta Europako Parlamentuko Gutxiengoen Talde-elkarteko presidentekideak koordinatua, gehiengo handiz onetsi zen Europako Parlamentuan 2013ko irailaren 11n. Aldez aurretik, proposamena Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak ere onetsi zuen, aho batez, 2013ko ekainaren 18an.
Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak Europar Batzordea premiatzen du legegintzazko neurriz eta jardun betearazle zehatzez osatzera hizkuntza gutxitu eta desagertzeko arriskuan daudenen defentsarako aurreikuspenak, zeintzuetan jasota baitaude bai Lisboako Ituna, bai Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Gutuna, bai erregio-hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen babesteko gutuna. Txostenak ohartarazten du, halaber, hizkuntza horiek bizi duten arriskuaz, hau da, dibertsitatea sustatzeko partiden arloan Europako estatuetan eta instituzioetan denetan agitzen diren murrizketen ondorioez.
Era berean, onetsitako ebazpenak europar aberastasun gisa eta dibertsitatearen adierazpentzat aitortzen du eleaniztasuna, eta Europar Batzordea eta Kontseilua bultzatzen ditu, 2014-2020 epealdirako, Europar Batasunaren politikak eta programak egokitzera, horrenbestez, arriskuan dauden hizkuntzak eta hizkuntza-dibertsitatea susta ditzan finantza-laguntzazko tresnen bitartez, bereziki: hezkuntza eta prestakuntzarako eta gazteria eta kirolerako programak, kultura eta hedabideen programa, Egitura Funtsak (Kohesio Funtsa, FEDER, FSE, Europako lurralde-lankidetza, FEADER) eta teknologia berriei eta multimedia plataformei atxikitako tresna guztiak.
46 milioi hiztun
Orobat, Euroganberak onetsitako Ebazpenak hizkuntza gutxituen eskoletako irakaskuntza goiztiarraren sistemaren alde egiten du, bai halaber, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen definizioan, hizkuntzok berezko diren lurraldearen zatiren batean daudenak ere eranstearen alde, Kontinenteko beste leku batzuetan babesa eduki arren, aitorpen ofiziala izan zein ez. Egoera hori Europako zenbait inguru mugaz gaindikotan gertatzen da eta bereziki ukitzen ditu katalana eta euskara. Ebazpenak baita erantsi du ere beste aurreikuspen bat, hots: hizkuntza-dibertsitatearekiko begirunea aldez aurreko baldintza gisa hartzea EB barruan beste estatu batzuk onartzerakoan, eta gogorarazten du ezen balio hori berariaz jasota dagoela Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean, zein Lisboako Itunaren zati baita. Azkenik, Ebazpenak beste aurreikuspen bat jasotzen du, zera: Kontinente osoan adierazle homogeneo zenbait diseinatzea eta abiaraztea, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen osasuna eta haiek salbatzeko aplikatuko diren politiken emaitzak neurtzeko.
Guztira, 46 milioi dira hizkuntza horietan sarri mintzatzen diren europarrak.
Txostenaren egileek gaztigatzen dute ezen Europak berezkotzat dituela bere hizkuntzak, zeintzuk Estatu baten erabakiak baino harantzago baitoaz. Europak agertzen du, hizkuntza gutxituak babestea interesatzen zaiola eta aberastasun gisa tratatzen dituela, eta txostenaren egileek azaltzen dute, europar finantzaketa ere egongo dela hizkuntzak babesteko eta hedatzeko neurriak abian ipintzeko. Gainera, gogorarazten dute ere Europar Parlamentuaren % 92k, Europako Alderdi Popularrekoak barne, txosten horren aldeko botoa eman zuela.
Egitaraua (euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz) (PDF, 228,51 KB)
Comments
Datorren ostiralean, hilaren 21ean, "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-anizt asuna Europar Batasunean" mintegia ospatuko duzue Bilbon.
Horren harira, "galderak, erantzunak eta iritzi-truke"et arako unea izango duzue.
Nahiko nuke http://stopimmigrazioa.wordpress.com/ webgunean egindako planteamendua zein neurritan dagoen oker edo zuzen azaltzea. Hau da, immigrazioak euskaran izan dezake eta lezakeen eragina objektiboki aztertzea.
Eskertuko nuke mintegian egindako gogoetak helaraztea edo publikatzen badira, horren berri ematea.
Mila esker.
Adeitasunez,
E.K.