Joxe Austin Arrieta idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazleak "Comment traduire Proust?" itzulpen jardunaldietan parte hartu du, Parisen, mundu osoko aditu askorekin batera. Jardunaldiok azaroaren 28 eta 29an egin dira, Société d’Etudes des Pratiques et Théories en Traduction (SEPTET) eta Réseau Asie-Imasie (CNRS) erakundeen ekimenez, Marcel Proust-en Du côté de chez Swann-en mendeurrenaren kariaz. Arrietak bertan aurkeztu duenaz gain, Jean-Baptiste Orpustan itzultzaile eta ohorezko euskaltzainaren txosten bat ere irakurri da.
Bai Joxe Austin Arrietak, baita Jean-Baptiste Orpustanek ere euskaratu dute Du côté de chez Swann liburua. Arrietak egindako itzulpena 2010ean argitaratu zen, Swann-enetik izenarekin, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Itzultzaileen Elkartearen (EIZIE) arteko lankidetzan burututako Literatura Unibertsala bilduman. Alberdania eta Elkar argitaletxeek argitaratu zuten.
Jean-Baptiste Orpustanek, aldiz, lapurtar-baxenabarrera itzuli du liburua Zuanen etxe aldean izenarekin, eta aurten argitaratu da, ZTK elkartearen eskutik. Durangoko Azokan aurkeztuko da. Marcel Prousten Le Côté de Guermantes liburua ere itzuli du, eta Germantes-ko aldea izena eman dio.
Hiru liburuak -Swann-enetik, Zuanen etxe aldean eta Germantes-ko aldea- erakutsi ditu Parisen Joxe Austin Arrietak. Horiekin batera, Analektak lana ere eraman du. Liburu horrek Prousten A la recherche du temps perdu lanaren euskarazko, galizierazko, katalanezko eta gaztelaniazko pasarteak biltzen ditu. Víctor Gómez Pin filosofo katalanak gaztelaniara itzuli zituen pasarteak, Joxan Elosegi-k euskarara, Alexandra Segura-k katalanera eta José Mayoralas-ek galegora. Donostiako Hariadna argitaletxeak kaleratu zuen liburua. 1.000 aleko tirada izan zuen, eta horietatik 500 Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen.
EIZIEren eta Euskaltzaindiaren gestioak
"Comment traduire Proust?" jardunaldien xedea, Prousten obra beste mintzairetara nola itzuli den aztertzea izan da. Bertan, Europako hizkuntza-familia guztiak egon dira ordezkaturik, baita Asiako zenbait ere. Euskararen presentzia, baina, ez zegoen aurreikusita, eta EIZIEren eta Euskaltzaindiaren bitartekaritzaren bidez lortu da.
Izan ere, Joxe Austin Arrietak EIZIEren bitartez izan zuen jardunaldien berri, eta euskara ez zegoela ordezkaturik ikustean, Akademiari zuzendu zitzaion, honek Pariseko antolatzaileekin mintza zedin eskatuz. Euskaltzaindiak hala egin zuen, eta Xabier Kintana idazkariak sinatutako gutuna bidali zuen, "harridura" adierazteko, batetik, eta Arrieta eta Orpustanen parte-hartzea eskatzeko, bestetik. EIZIEk ere, Iñaki Inurrieta presidenteak izenpetutako gutuna bidali zuen, beste horrenbeste eskatuz.