Datorren asteazkenean, azaroaren 6an, Euskaltzaindiaren XVIII. Jagon Jardunaldiak aurkeztuko dira Akademiaren Iruñeko ordezkaritzan (Conde Oliveto, 2, 2), goizeko 11:30ean. Jardunaldiok “Euskara Nafarroatik” izenburua izango dute, eta Akademiaren Sustapen batzordeak antolatu ditu.
Jardunaldi hauetan, euskararen sustapenean ari diren elkarte eta erakundeekin batera, euskararen inguruan gogoeta egin nahi du Euskaltzaindiak. Hala, euskarak Nafarroan izan duen iragana eta egungo egoera aztertuko dira, eta etorkizunari buruz hausnartuko da. Era berean, azken urteetan egin diren eta egiten ari diren egitasmoen berri jasoko da.
Etzi egingo den aurkezpenean hauek mintzatuko dira: Andres Iñigo, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria; Sagrario Aleman, Akademiaren Sustapen batzordeko burua; eta Erramun Osa, batzorde horretako idazkaria.