R. M. Azkue Literatura Sarietarako lanak aurkezteko epea zabalik da, abenduaren 16ra arte. Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak urtero antolatzen duten sariketa hauetan bi genero saritzen dira: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.
R. M. Azkue Sariek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusia. Sariketa hauetara euskaraz idatziriko edozein narrazio- edo olerki-lan aurkez daiteke. Lan originalak eta inoiz argitaratu gabeak izango dira.
Lanek gutxieneko luzera izan beharko dute: narrazio arloan, A mailan, 2 folio, eta B mailan 4 folio. Olerkian, A mailan, 15 lerro izan beharko dituzte, eta B mailan 30 lerro. Lanak helbide honetara bidali beharko dira: Euskaltzaindia. Plaza Barria, 15. 48005 Bilbo.
Lan saritu guztiak argitaratuko dira, liburu batean. Epaimahaikoen erabakiak 2014ko otsailaren 28a baino lehen iragarriko dira.