Zail da adiskide eta maisu izan duzunaz iraganean hitz egitea. Halaxe gertatzen zait lerrook idaztean, osasunez pattal zebilela jakin arren, joan den azaroan bezain irribarretsu imajinatu nahi baitut Txuma Lasagabaster.
Omenaldi xumea egin genion KM kulturunean, merezi zuena baino askoz xumeagoa, baina bertaratu ginen lankide, kritikari, edo adiskide guztion esker on eta miresmena jasotzeko balio izan zuena. Betiko diskrezio eta apaltasunez eskertu zituen bertaratu ginenon hitz onak, emozioz onartu laudorioak.
Esango nuke bere eskoletan literaturaren teoria eta kritikarekiko maitasuna kutsatu zigula askori, literatur lanak aztertzeak, ezagutzeak, ematen duen plazeraz ohartarazi. Eta neure burua ikusten dut, Txumak bere letra okerrarekin egindako oharrak irakurtzen, eta bere esanetan azpimarratutako teoriko eta autoreen lanetan galtzen, kritikari bezala hezten. Sklovski, Eichembaum, Bremond, Greimas, Barthes, Genette, Bakhtine, Eco, Iser, Jauss…eta horiei lotuta Txumak etengabe errepikatzen zigun “azterketa zientifiko”, edo “zientzia literario” bezalako hitz potoloak, neure egin eta erabat sinestu nituenak.
Irakasle bikaina izan da, eskuzabala, eta oraindik ere Euskal nobelaren gizarte historiaz berak esandakoak, edo Ehun metro eta Ene jesusi buruz idatzitakoak eredugarri zaizkit; Baroja, Aldecoa, edo Celayari buruz argitaratuak inspirazio iturri zaizkidan bezala. Beranduago etorri zen Las literaturas de los vascos liburua, eta orduan ere, irakatsi egin zigun Txumak, euskal herritaren literaturez eta euren arteko harremanez hitz egin beharraz ohartarazi baitzigun.
Gaur egungo euskal literaturaren teoria eta kritikan gabiltzan askok Txumaren marka daramagula esango nuke, berak gugan txertatu zuen egiteko modua erakusten dugula. Are gehiago, Lasagabaster katedradunak euskal literaturaren kritikaren oinarriak jarri zituela esango nuke, Koldo Mitxelena Euskal Filologian izan zena, Lasagabaster euskal kritika akademikoaren instituzionalizazioan izan dela.
Mugarri bat, ezbairik gabe, eta berari zor diogu, 1960ko hamarkadaz geroztik literaturaren teoria, kritika eta historiografian hedatuz joan ziren paradigma teoriko-metodologikoen hedakuntza gurean. Azterketa, analisia, edo hausnarketa bereganatzen dituen irakurtzeko modua irakatsi baitzigun Lasagabasterrek, gaurko bizitza akademiko asaldatu eta presazkoaren aurrean, sosegua, zehaztasuna, eta distantzia aldarrikatzen dituen egiteko modua.
Eskerrik asko, Txuma. Ez adiorik.