Gaur, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal berri bat zabaldu du interneten, bere webgunean. “Herri Literatura Jardunaldietako Antologia” du izena eta hemen kontsulta daiteke. Atalean Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituen herri-literaturari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak bildu dira. Horietako bi -Antonio Zavalak eta Bernardo Atxagak 1994an eta 2005ean eman zituztenak- lehen aldiz argitaratzen ditu Akademiak. Are gehiago, Atxagarena argitaratu gabea da eta lehenbiziko aldiz jartzen da orain publikoaren eskura.
Pello Esnal batzordeko idazkariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dute atal berriaren aurkezpena, Donostian. Biak ala biak pozik agertu dira, eta herri-literaturaren garrantzia azpimarratu dute. Hala, bada, Esnalen hitzetan, “paregabeko altxorra da herri-literatura. Hor dago bildua gure tradizioa, eta tradizioa aintzat hartu gabe ez dago etorkizuna eraikitzerik”. Andres Urrutiak ere horixe bera azpimarratu du, eta gaur denon eskura jarri den materailaz gain, Euskaltzaindiaren webgunean “Auspoa” bilduma osoa kontsulta daitekeela ere azpimarratu du. “Horrek guztiak -esan du- gure corpusak eta gure hiztegiak aberasteko material ederra ematen digu”.
Euskaltzaindiak 1989an egin zuen herri-literaturari buruzko lehen jardunaldia, eta 2005ean azkena. Jardunaldiotan hainbat gai landu dira: kontapoesia, herri-narratiba, ahozkotasuna, paremiologia, herri-antzerkia, euskal fraseologia, kantu laburrak eta, azkenik, herri-prosa eta ahozkotasuna.
Oraingo honetan, jardunaldi horietako ekarpenik mamitsuenak batu eta argitaratu ditu Akademiak, antologia gisa. Hemen dira, beraz, Herri Literatura batzordeak antologia honetarako banan-banan eta aho batez aukeratutako hitzaldiak eta gaiak. Batzordeko kideen aburuz, horiek guztiak “baliabide egokiak dira, tradiziotik etorkizunerako zubia egiteko, euskal herri-literaturaren harira”.
Antonio Zavala eta Bernardo Atxagaren hitzaldiak
Jardunaldietan eman diren hitzaldi asko, Euskaltzaindiak denon eskura jarriak ditu jada, Euskera agerkari ofizialean, edota separata banatan argitaratuak. Bi dira, hala ere, orain arte Euskaltzaindiak argitaratu ez dituen hitzaldiak. Batetik, III. Jardunaldietan, “Pensamiento intuitivo y discursivo en la poesía popular vasca” izenburupean, Antonio Zavala zenak 1994an eman zuena. “Auspoa” bilduman kaleratu zen, eta Pello Esnalek, hitzaldi horren garrantziaz ohartarazteko, ondokoa esan du: “Zavalaren egitasmo guztiaren bihotza hitzaldi horretan dagoela esango nuke”.
Bestetik, 2005ean, “Herri-prosa eta ahozkotasuna” izeneko jardunaldietan, Bernardo Atxagak eman zuen hitzaldia, “Ahozkotasunaren alde ez hain funtsezkoak” izenekoa, argitaratu gabea da, eta Akademiaren webgunean kaleratzen da orain, lehenbiziko aldiz. “Hitzaldi hori -esan du Esnalek- oso sarrera egokia da, herri literatura ulertzeko ez ezik, euskara, Euskal Herria, Euskaltzaindia... beste gauza asko ulertzeko”.