Gaur, otsailaren 22an, Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak liburua aurkeztu dute Mondragon Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Liburuaren egilea Agurtzane Azpeitia da, eta 2010ean aurkeztu zuen doktore tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Tesiaren zuzendaria Elixabete Pérez Gaztelu euskaltzain urgazlea izan zen. Azpeitia eta Pérez Gaztelu, biak izan dira gaurko aurkezpenean, eta haiekin batera argitalpena sustatu duten bi erakundeotako buruak: Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 29. zenbakia da.
Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak, 2010ean, Agurtzane Azpeitiak aurkeztutako tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Tesi horren helburua hau da: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko darabiltzan zenbait diskurtso-baliabide edo estrategia aztertzea: “egitura parentetikoak”, edota zenbait autorek “intziso” edo “tarteki” izendatu izan dituztenak, hain zuzen. Agurtzane Azpeitiaren hitzetan, “esatariak norentzakoari, edo mezua irakurtzean buruan zuen irakurle potentzialari, egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak. Esatariaren helburua da bere intentzioa norentzakoak atzematea eta horretarako ahalegin handiak egingo ditu, norentzakoarekin konplizitatezko harremana sortzeaz gain, bere enuntziatua modalizatu, birformulatu eta testuinguruan kokatzen”.
Bai Andres Urrutiak, baita Iosu Zabalak ere, poza agertu dute bi erakundeen arteko hitzarmenetik ateratzen ari diren emaitzak ikusita. Hala, Urrutiak "egun batean hitzarmen hutsa izan zena, fruitu ematen hasia dago jada, eta horien artean, ageri-agerian, euskaralari eta irakasle gazteen labealdi berriak plazaratzea" esan du. Eta Iosu Zabalak aipatu du emandako fruitua oparoa izan dela, "bide berriak bilatu ditugu, Mondragon Unibertsitateko bi doktore tesi argitaratu dira Euskaltzaindiaren Iker bilduman; horrez gain, gure irakasleei zuzendutako ikastaroa ere antolatu dugu, eta badira beste hainbat egitasmo, bi erakundeentzat ez ezik, euskal gizarte osorako ere mesedegarriak izango direnak".
Lan berritzailea
Enuntziatu parentetikoez ari garenean bigarren mailako puntuazio marken artean -hots, parentesien, marren eta koma parearen artean- zedarrituta egoteaz gain, elkarrekin gurutzatzen diren bi diskurtso ditugu jokoan, bi ahots ezberdin: oinarrizko enuntziatuak dakarrena batetik, eta honen egitura sintaktikoa urratuz tartekatzen duen enuntziatu parentetikoak dakarrena, bestetik.
Tesiaren zuzendaria den Elixabete Pérez Gaztelu irakasle eta euskaltzain urgazlearen aburuz, Agurtzane Azpeitiak egindako lana berritzailea da. "Mitxelenaren beraren diskurtsoa aztertzeak interesa badu -esan du- eta diskurtso hori eteten duten osagarri horiek zer diren, nolakoak diren, zertarako erabiltzen dituen aztertzea interesagarria iruditzen zait; eta gai berria da, gainera".
Agurtzane Azpeitiak azaltzen duenez, enuntziatu parentetikoak aztertzeko, “ikuspegi enuntziatibo-pragmatikoa oso errentagarri gertatu zaigu, azterbide hau esatariak enuntziatuan uzten dituen hizkuntza lorratzak deskribatzera mugatzen delako, eta esatariaren lorratz horiek, inon agertzekotan, enuntziazio-mailan eta modalizazio-mailan eragiten dute (enuntziatu parentetikoek bete-betean eragiten duten mailatan, alegia). Alderdi metodologikoei eta bestek egindako bideetan barrena ibiltzeari liburuko lehen hiru kapituluak eskaini dizkiogu”.
Analisi formala eta komunikatiboa
Azpeitiaren analisia bi zutabe nagusitan oinarritu da: batetik, analisi formala egin du, eta bestetik komunikatiboa. “Lehendabizikoari dagokionez, elkarrengandik hain gertu dauden parentetiko, intziso eta intzidental adigaien arteko mugak argitu ondoren, enuntziatu parentetikoen azterketa sintaktiko-testuala egin dugu eta analisi formal honetan Mitxelenak darabiltzan parentetikoak tipoetan sailkatzea lortu dugu batetik (laugarren kapitulua), oinarrizko enuntziatuan hartzen duen kakagunea edo distribuzioa aztertzea bestetik (bosgarren kapitulua,) eta azkenik, puntuazio marken azterketa egoki bat egitea erdietsi nahi izan dugu (seigarren kapitulua)”.
“Horrez gain -gaineratzen du- enuntziatu parentetikoek komunikazioan badutela eginkizunik frogatzen saiatu gara eta alderdi horri zazpigarren kapitulu zabala eskaini diogu. Eginkizun komunikatibo hori ondorengo ardatz hauetan laburbildu dugu: a) enuntziatu parentetikoak esatariaren argudiatzean aurrera egiteko bitarteko egokiak gertatzen zaizkio, b) esatariaren eta norentzakoen arteko interakziozko harremanerako bitarteko dira, c) informazioa testuinguruan kokatzen laguntzen dute, inferentzien errota martxan jartzeko norentzakoari bidaltzen dizkion keinu edo arrastoak aski lagungarriak gertatzen zaizkio irakurketaren interpretazioa testutik bertatik bideratzeko, d) enuntziatu parentetikoak ahozkotasuna idatzian txertatzeko baliabideak dira eta azkenik, e) badira esatariaren intentzio ironikoaren ispilu ere”.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.