Mondragon Unibertsitateak (MU) eta Euskaltzaindiak testuak eraikitzeko estrategiez jabetzeko ikastaroa antolatu dute 2012-2013 ikasturte honetarako. Ikastaroak iaz kaleratutako Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua du abiapuntu. Liburu hori Euskaltzaindiak argitaratu zuen, Akademiaren Corpus batzordeak landu, eta Pello Esnal batzordekideak koordinatu. Esnalek berak emango du ikastaroa, bi egunetan: gaur, otsailaren 13an, egin da lehen saioa; bigarrena, otsailaren 25ean izango da.
Euskara kalitatez erabiltzea erronka garrantzitsua da Mondragon Unibertsitateko irakasle, langile eta ikasleentzat. Kezka horri erantzunez, urteetan zehar euskararen kalitatea hobetzeko ikastaroak antolatu dira hainbat adituren eskutik eta alor desberdinak jorratu izan dira: euskara zientifiko-teknikoa, Euskaltzaindiaren arauak, hizkuntza-baliabideak interneten, e.a. Orain, euskarazko testuak ekoizten dituzten irakasle eta ikertzaileen artean Unibertsitateko testuak sortzeko idazkeran sakondu beharra sumatzen denez, Unibertsitateko arduradunek egoki ikusi dute Pello Esnalek Hitz-ordena: erabilera estrategikoa bere liburuan oinarritutako ikastaroa izatea.
Mondragon Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten duela hiru urte, 2010eko urrian. Hitzarmen marko horren barruan irakasleen formazioa zehazki aipatzen ez bada ere, bi erakundeak biltzen dituen Jarraipen Batzordean sortutako beharrari erantzunez egingo da ikastaroa.
Guztira 13 irakaslek eman dute izena ikastaroan, eta MUko hiru fakultateko irakasleek parte hartuko dute, Enpresagintza, Goi Eskola Politeknikoa eta Humanitate eta Enpresa Zientzien (HUHEZI) fakultateetako irakasleek hain zuzen ere. Guztiek ere ikastaroan parte hartzeko interes handia erakutsi dute, euren ekoizpena nagusiki euskaraz izaten baita. Esan bezala, aurrez aurreko bi saio izango dira, otsailaren 13an eta otsailaren 25ean. Biak goizez izango dira, 9:00etatik 12:30ak arte, Goi Eskola Politeknikoak Arrasaten duen campusean.