Korrika 18-k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Hala, datorren larunbatean, hilaren 26an, euskara ikasleak omenduko dituen jaia egingo da Usurbilen. Euskararen aldeko lasterketa antolatzen duen AEK-ko arduradunek horrela adierazi zuten atzo, Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan: "Itzela da euskara ikasleek euskarari egiten dioten ekarpena. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omentzeko egun osoko jaia antolatu dugu larunbatean Usurbilen".
Bestalde, 25 minutuko bideo bat egin du AEK-k. Bertan, "Korrika 18ren mezua eta omenduak uztartu eta azaltzeko asmoz, euskara ikasleak solasean jarri ditugu Euskal Herriko hainbat jende ospetsurekin; euskarari buruz zein beraien zaletasunei buruz aritzeko; euskara elkarri emateko, alegia". Bideoaren zuzendaria Eriz Zapirain da.