Atzo, urtarrilaren 21ean, "Milaka argi Nafarroan" izeneko kanpaina aurkeztu zuen Bilbon IKAk. Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentasurrekoan, Sagrario Aleman, Joxerra Olano eta Xabier Martinez de Lezea IKA euskaltegiko arduradunek azaldu zituzten kanpaina horren ezaugarriak. "Nafarroa Garaiko euskaldunak non dauden agerian utzi nahi dugu -adierazi zuten-. Horretarako, euskaldun guztiak, Nafarroa Garaikoak izan edo Nafarroa Garaitik kanpokoak izan, elkarri mezuak bidaltzen jarri nahi ditugu, euskaldunen arteko katea sortzeko".
Hala, bada, Nafarroa Garaiko euskaldun batek, mezua bidaltzen duenean, Nafarroa Garaiko mapan bere herriko argia piztuko du. Argi horrek herri horretan euskalduna badela esan nahi du eta. Bestalde, diru ekarpenak ere egin daitezke.