Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko bilera egin da gaur, urtarrilaren hamarrean, Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan. Eusko Ikaskuntzaren aldetik parte hartu dute: Iñaki Dorronsoro erakundeko presidenteak, Rosa Miren Pagola presidenteordeak eta Arrate Arín zuzendariak. Euskaltzaindiaren aldetik egon dira: Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria, Joseba Zabaleta kudeatzailea eta Erramun Osa idazkariordea.
Bileraren helburuak honako hauek izan dira, besteak beste: Eusko Ikaskuntzako presidentearen aurkezpena egitea, Eusko Ikaskuntzaren aurrera begirako egitasmoaren nondik-norakoak azaltzea eta Euskaltzaindiak aurrerantzean garatu nahi dituen ildo nagusien berri ematea. Horiek horrela, Eusko Ikaskuntzako arduradun berriek 2012-2016 aldian garabidean jarri nahi duten kudeaketa egitasmoaren azalpenak eraman du denborarik luzeena. Bileraren amaieran, bi erakundeetako arduradunek elkarren berri izateko eta harremanak sendotzeko borondatea ere erakutsi dute.