Euskaltzaindiak uztailetik abendura bitartean kaleratu dituen liburuak bildu ditugu hemen. Besteren artean, Euskaltzaindiaren Hiztegia argitara eman da. Bernardo Atxagak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria, seigarrena, plazaratu da, eta baita Euskera agerkariaren azken emaitza, eta Narrazioak eta olerkiak 2011 ere. Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laugarren liburukia ere kalean da.
Bestalde, uztailetik abendura bitarteko argitalpenak ikusteko sakatu hemen.
EUSKERA AGERKARIA
Euskera da Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala, 1920. urtetik argitaratzen dena. 2009an, Akademiak eraberritu zuen, eta forman ez ezik, edukietan ere zenbait aldaketa egin. Aldaketa horien xede nagusiak hauek dira: batetik, Euskera agerkariaren kalitatea bermatzea, eta bestetik, komunitate zientifikoan erreferentziazko argitalpena izatea.
CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) erakundeak ezarri dituen kalitate ereduen arabera ebaluatu ahal izateko, beharrezkoak diren Latindex irizpideak betetzen ditu Euskera agerkariak; hori dela eta, izen bereko Katalogoan sartuta dago. Bestalde, helburu horri atxikiz, Idazketa Batzordea eta Aholku Batzordea eratu dira eta artikulu zientifikoei, propio behar duten egitura eta tratamendua ematen zaie. Ahalegin horretan laguntzeko, kanpo adituen ebaluazioak ere, sistematikoki erabiltzen dira.
Euskera 2011, 56, 1-2
Egileak: Batzuk
Argitaratzailea: Euskaltzaindia, 2012
Hizkuntza: Euskara
ISBN: 0210-1564
Prezioa: 15 €
Liburu honek Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak. Jose Luis Lizundiak, Joan Mari Torrealdaik, Begoña Aranak, Xabier Kintanak, eta Joseba Intxaustik egin zituzten hilberri txosten horiek.
Euskera 2011, 56, 1-2 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.
Euskera 2011, 56, 3
Egileak: Batzuk
Argitaratzailea: Euskaltzaindia, 2012
Hizkuntza: Euskara
ISBN: 0210-1564
Prezioa: 15 €
Euskera 2011, 56, 3 liburukiak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak (Arabatik Arabara euskaraz) eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia. Horretaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoan estrategikoki integratzen ditu enuntziatu parentetikoak, Agurtzane Azpeitiarena; Amorosen disputa, Jean Haritschelharrena; Antonio Arrue, el carlista que colaboró en el relanzamiento de Euskaltzaindia, Manuel Martorellena; eta Los nombres vascos de los meses en una obra de 1621: "Fábrica universal y admirable de la composición del Mundo", Josu Zulaikarena.
Euskera 2011, 56, 3 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.
EUSKARA-EUSKARA HIZTEGIA
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak euskararen normalizazioaren eta normatibizazioaren bidean garrantzi handia izango du. Lana euskara-euskara hiztegia da eta Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu dute, elkarlanean.
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak
Egileak: Batzuk
Argitaratzailea: Euskaltzaindia, Elhuyar, Elkar, 2012.
Hizkuntza: Euskara
ISBN: 978-84-9027-023-3
Prezioa: 45 €
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak. Lan berriak, ordea, askoz informazio gehiago eskaintzen du: Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzak dauzka, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate-, erregistro- eta euskalki-markekin, aditz-erregimenekin, eta benetako erabileratik jasotako adibideekin.
Hiztegia eskuratzeko sakatu hemen.
EUSKARAREN HERRI HIZKEREN ATLASA
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa: IV. liburukia
Bilduma: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
Zuzendari akademikoa: Adolfo Arejita
Argitaratzailea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: euskara
Liburu horretan kontzeptu ugari bildu eta landu dira, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
RESURRECCION MARIA AZKUE SARIAK
Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero argitaratzen dute liburua. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturgintzara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi sari hauek.
Narrazioak eta Olerkiak 2011
Egilea: Batzuk
Editorea: Bilbao Bizkaia Kutxa - Euskaltzaindia
ISBN: 978-84-8056-308-6 Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 3 €
2011ko Azkue sariak irabazitako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu honetan. Hauek lanak jaso dira: Ane Lapeira, Maddi Petralanda, Evangelina Descalzo, Julen Antxia, Xabie Oianguren, Amaia Rodriguez, Malen Barriola, Maite Larrarte, Maialen Akizu, Ainhoa Urien, Mikela Atxoarena, Maialen Elortza eta Mikel Aranburu. Epaimahaikideak hauek izan ziren: Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta, A mailan; eta Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Mayi Iza, B mailan.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
KULTURA ETA LITERATURA ALDIZKARIA
2009ko urrian, Erlea aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zen. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du, eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxeak du edizioaren eta diseinuaren ardura. Aldizkariak Akademiaren eta kulturgintzaren arteko lotura sendotzea du helburu. Literaturarekin lotutako aldizkaria da.
Erlea 6
Zuzendaria: Bernardo Atxaga
Egileak: Batzuk
Editorea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: Euskara
ISBN: 1889-7576
Prezioa: 12 €
Seigarren zenbakiak bi gai nagusi ditu: autobiografia eta harria. Aldizkariaren azala Gorka Salmerónek egin du. Zenbaki berri honetan hauek izan dira partaide: Elizabete Manterola, Miel A. Elustondo, Asun Garikano, Iñaki Irazu, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Irati Elorrieta, Ramon Etxezarreta, Bernardo Atxaga, Mikel Telleria, Joxemari Iturralde, Mariasun Landa, Kepa Altonaga, Estibaliz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Juan Ramon Madariaga, Andoni Garikano, Jose Miguel Arrizabalo, Antonio Zavala, Zaldi Ero, Maialen Lujanbio, Ritxi Ojenbarrena, Arantxa Urretabizkaia, Miren Azkarate, Juan Ramon Makuso, Joseba Luzuriaga eta Lander Garro. Ilustrazioak Jon Zabaletarenak dira.
Aldizkaria eskuratzeko sakatu hemen.
EUSKALTZAINDIA IPAR EUSKAL HERRIAN
Argitalpenak Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian izan duen bilakaera eta egin duen ekarpena laburbiltzen du. Besteak beste, Ipar Euskal Herriarekin loturiko argitalpenak eta Ipar Euskal Herriko euskaltzainen zerrenda ere jasotzen dira.
Euskaltzaindia eta Ipar Euskal Herria liburuxkak honako atalak ditu:
- Harreman instituzionalak eta hitzarmenak.
- Euskaltzaindiaren presentzia Iparraldean. Historia laburra.
- Euskaltzaindiaren biltzarrak, bilerak eta ekitaldiak Ipar Euskal Herrian
- Euskaltzainak: Ipar Euskal Herriko euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleen zerrenda.
- Argitalpenak: Ipar Euskal Herriarekin lotura duten zenbait argitalpenen berri ematen da.