Aurten, San Frantzisko Xabierren ama-hizkuntzaren inguruan euskararen eguna ospatzeko, Ayalde ikastetxeak, euskararen eta Euskaltzaindiaren inguruan hitzaldi batzuk antolatu nahi izan ditu. Horretarako, Itxaro Sorozabal, ikastetxearen zuzendaria, eta bertako irakasle diren Mari Jose Zabala eta Agurtzane Zalbidea andreak, Euskaltzaindira etorri dira. Beren asmoa: euskararen eta Euskaltzaindiari buruzko berbaldi batzuk antolatzea.
Horretarako, Akademiaren idazkaria, Ayalde ikastetxean hitzaldi batzuk egitera gonbidatu zuten. Bertan, azaroaren 30ean, goizean, Xabier Kintana Loiuko ikastetxe horretara joan eta bertako ikasleen aurrean aurkeztu zen. Guztira 132 neska ziren, batzuk DBHko lehen mailatakoak eta besteak Batxilergokoak, hiru taldetan banaturik. Hor Euskal Akademiaren historia laburra azaldu zien, hau da, Euskaltzaindia nola dagoen osaturik, euskaltzainen zereginak zeintzuk diren, erakundearen barne-banaketa, orain arte egindakoak (euskararen batasuna, ortografia eta sintaxi arauak ematea, aditz eta hiztegi batua, Euskararen Atlasa, pertsona-izendegia...) bai eta orain egiten diharduenak ere (lexiko, pertsona eta leku-izenen bilketa, toponimia eta astronimia (geografiako izenak, planeten, izarren eta galaxien izenak...).
Era berean, euskararen jatorriaz, eboluzioaz eta inguruko hizkuntzekiko harremanez dakizkigun datuak eman zizkien, gure hizkuntzaren ezaugarri eta berezitasunak nolakoak diren jakinarazteko. Ondoren, ikasleen txanda etorri zen, eta euskaltzainari beren galderak egin zizkioten, oso interesgarriak: Akademiak arauak nola eta zertarako ematen dituen, euskararen bizitzaz, deitura batzuen esanguraz etab. Amaitzeko, euskaltzainak neska ikasleek eginiko galdera interesgarriei erantzuten jardun zuen, argibideak eta emanez..