Arau berri batean bildu ditu Euskaltzaindiak Amerika osoko leku-izen nagusien euskarazko izendapenak
Munduko leku-izen nagusien euskarazko grafia finkatzen dihardu Euskaltzaindiak. Lehenik, Europako leku-izen nagusiak arautu zituen aski xehe (154. araua, 157. araua eta 159. araua). Gero, ez hain xehe, Europatik gertu dauden lurralde batzuetakoak (Anatolia eta Hego Kaukaso, 162. arauan; Ekialde Hurbila eta Ipar Afrika, 164. arauan). Ondoren, munduko gainerako lurraldeei heldu zaie txanda. Afrikako leku-izenak lehenengo (167. araua eta 168. araua), Ozeania gero (169. araua), eta Amerika orain (170. araua). Eta luze gabe argitaratuko dira falta direnak ere.
Amerikako toponimiaren arau honetan 237 leku-izen bildu dira, kontinente horretako nagusiak baino ez (Hego Amerika, Erdialdeko Amerika eta Ipar Amerika). Bi motatako leku-izenak dira:
- Leku-izen garrantzitsua edo oso ezaguna, nahiz eta grafia-arazorik ez izan. Adibidez, Aconcagua, Bering itsasartea, Hudson badia, Iguazú ibaia...
- Gure inguruko erdara nagusietan (gaztelania, frantsesa, ingelesa) berdin idazten ez direnak edo hizkuntza bakoitzera itzultzen direnak eta, ondorioz, grafia-zalantza eragin dezaketenak. Adibidez, Aintzira Gazi Handia (es Gran lago Salado, fr Grand Lac Salé, en Great Salt Lake), New Orleans (es Nueva Orleans, fr Nouvelle-Orléans, en New Orleans), Pennsylvania (es Pensilvania, fr Pennsylvanie, en Pennsylvania), Suaren Lurraldea (es Tierra del Fuego, fr Terre de Feu, en Tierra del Fuego), Magallaes itsasartea (es estrecho de Magallanes, fr détroit de Magellan, en Strait of Magellan)...
Badira, azkenik, leku-izen gutxi batzuk euskarazko berezko izena edo grafia dutenak. Hori da, adibidez, Ternua leku-izenaren kasua (es Terranova, fr Terre-Neuve, en Newfoundland), hala erabili baitzuen Piarres Etxeberrik 1677an Itsasoco nabigacionecoa liburuan. Edo Kalifornia leku-izena, hala idatzi baita euskaraz hala Iparraldean nola Hegoaldean (Jean Etxepare, Nemesio Etxaniz, Luis Villasante, R. M. Azkue, Pierre Lartzabal, Orixe…).
170 Amerikako leku-izenak euskaraz (PDF, 559,304 KB)
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea