Bi erakundeek bi urtetarako lankidetza-hitzarmena izenpetu dute, historian lehenbiziko aldiz. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-René Etchegaray Baionako alkate-ordeak izenpetu zuten hitzarmena, bi erakundeen izenean. Ekitaldian Isabelle Blin, Baionako Mediatekako zuzendariak ere parte hartu zuen.
Hitzarmenak jasotzen duenez, Baionako Mediatekak Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako katalogo-fondoaren indizeak kontsultatu ahal izango ditu, Euskal Funtsak egitasmoaren inguruabarrean, baldintza batzuen arabera. Era berean, Mediatekaren baliabidetan edo argitalpenetan Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren kolaborazioa aipatuko da, horrek Euskal Funtsak egitasmoarekin lotura duen neurrian.
Hitzarmena izenpetu ondoren, E. Goyheneche historialariaren Onomastique du Nord du Pays Basque (Iker bilduma, 27) liburuaren aurkezpena egin zen, Xarles Videgain euskaltzainaren eta liburuaren paratzailearen eskutik.