Irailaren 22an, Piarres Topet-Etxahun koblakariaren omenezko jardunaldia egin zen Barkoxen. Eusko Ikaskuntzaren eta Etxahun elkartearen ekimenez burutu zen jardunaldi horretan Jean Haritschelhar euskaltzain emerituak hitzaldi bi eman zituen, lehena Topet-Etxahunen bizitzari buruz ("Topet-Etxahun koblakariaren bizia"), eta bigarrena haren obraren inguruan ("Topet-Etxahun koblakariaren obra").
Topet-Etxahun 1786an jaio, eta 1862an hil zen, Barkoxen. Aurten bete da, beraz, bere heroitzaren 150. urteurrena. Jean Haritschelharrek hari eskaini zion doktore tesia, eta bi liburukitan argitaratu zen: Le poète souletin Pierre Topet-Etxahun eta L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun. Beñat Oihartzabalen esanetan, "luzaz hura izan da literatura testuen ikerketarako euskalariek izan duten erreferentzia nagusia". (Jean Haritschelharrri omenaldia liburuan, Euskaltzaindiak argitaratzen duen Iker bildumaren 21. zenbakian). Liburu berean, honelaxe dio Jean-Louis Davantek: "Hauts eta lanoen artetik, Haritschelharrek Etxahun Barkoxe ipuinetik historiara ekarri digu, haren obra zehazki eta zorrozki ezagutarazi, eta ekarpen bikain horrez gain-gainetik eskerrak dizkio gure Zuberoak". Liburua kontsultatzeko, bilatu hemen.