Jose Maria Jimeno Jurio zenaren Toponimia navarra. I. Estudios y metodología lana aurkeztu da gaur, irailaren 6an, Iruñean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Liburua Jimeno Jurioren lan guztiak jasoko dituen bildumaren 40. zenbakia da, eta Pamiela argitaletxeak, Udalbidek eta Euskara Kultur Elkargoak argitaratu dute. Aurkezpenean honako hauek izan dira: Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria, Bixente Arozena Udalbide Zuzendaritza Batzordeko kidea, Roldán Jimeno edizio arduraduna -Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina ere edizio arduraduna da, Jimenorekin batera- eta Mikel Belasko liburuaren hitzaurregilea.
Jose Maria Jimeno Jurio ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak toponimia, euskararen historia eta soziolinguistika eta etnografia jorratu zituen bereziki. Ikertzailetzat zuen bere burua eta iturri xeheak kontuan hartu zituen beti. Hitz hauekin laburbiltzen zuen egindako lana: “Herriaren izendegien altxorra bat-batean aurkitzea eta jendeen usadioak neureak egitea izan da bizitza honetako pozetako bat. Ez ditut alferrik igaro herriz herri eta mendian gora egindako une kontaezinak”.