Joseba Agirreazkuenaga historialari eta euskaltzain urgazleak bi liburu berri argitaratu ditu aurten, gai bertsua tratatuz baina hizkuntza desberdinetan, bata ingelesez eta bestea euskaraz: The Making of the Basque Question eta Euskal herritarren burujabetza. Horien bidez bi hamarkadako ikerlanak sintetizatu ditu.
Jakina denez, Euskal Herriko Historiari buruzko liburu eta artikulu guztiz gehienak gaztelaniaz idazten dira gaur egun, edo bestela frantsesez. Horregatik bereziki pozgarria da ikustea Agirreazkuenagak gure hizkuntzan idazteko gaztetatik hartu zuen deliberoa ez duela bazter utzi eta, berriz ere, liburu eder bat eskaintzen digula, Bilboko udalaren XII. Miguel de Unamuno saiakera saria irabazi duena bestalde. Baina, hortaz gain, aldi berean beste liburu bat argitaratu du ingelesez, Nevadan, Estatu Batuetan, oso antzeko gaia jorratuz. Hartara, argitalpen bikoitz honek euskal ikasketen etorkizun jori eta atsegin bat marrazten digu, zeinetan gaztelania edo frantsesa bazter utzi gabe (horretan ere badihardu), posible den aldi berean euskaraz edo ingelesez argitaratzea. Benetan albiste pozgarria.
Gaia antzekoa dela esan dugu, izenburuetatik beraietatik erraz ondorioztatzen den bezala, baina jitea aski desberdina da kasu bietan. Liburuok orain iruzkintzeko asmorik ez dugun arren, esan dezagun ingelesezkoa akademikoagoa dela, hainbat urtetan zehar jatorrian ingelesez idatzi eta argitaratutako artikulu bilduma batek osatzen baitu; euskarazkoa, berriz, saiakera bat da, eite herrikoiagoa duena bai estiloan bai aparatu kritikoan, nahiz eta funtsean ikerketa historiko bat izateko helburuz idatzia izan. Hizkuntza desberdina eta publiko desberdina, apika, baina bietan euskal auziaz sakonki hausnartzeko asmo bera.
Liburuen mamia
Agirreazkuenagaren tesi nagusiak ezagunak dira Euskal Herriko Historiari buruzko debateak apur bat segitu dituen edonorentzat, eta bere muinean erraz laburbil daitezke: lehenik eta behin, euskal auzia delakoa ulertzeko bidean zazpi euskal herrien historia bat egiteko erronkari eutsi egin behar zaio, aldi berean kanpoko erreferentziak egiten ohi dena baino gehiago ugarituz (bereziki Erresuma Batuari begira), eta bigarrenik, euskal parlamentarismoaren historia giltzarria da hainbat eta hainbat kontu ulertu ahal izateko: Gorteek, Biltzarrek, Batzar Nagusiek... eta beraietan adostu eta erabakitzen ziren arau, lege eta foruek zinezko euskal konstituzio bat osatzen dute, zentzu historikoan ulertuta, hots, anglofonoek egin ohi duten bezala.
Beraz, euskal auzia delakoa ez da, sarri aurkezten zaigun bezala, pertsonaia xelebre batzuen eldarnio etnizisten ondorioa, Euskal Herriko historiaren emaitza baizik, Europako historiaren parametroetan erraz kokatzen eta ulertzen ahal dena. Baina, ororen buru, hausnarketa horiek euskaraz ere garatzeko eta argitaratzeko deliberoa da hemen laudatu eta goratu nahi izan duguna.
Agirreazkuenga, J. (2012) Euskal herritarren burujabetza: euskal herritarren autogobernu auziaren bilakaeraz (1793-1919), Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia Estatutura, Irun: Alberdania, 2012, 328 or. Informazio gehiago ikusteko sakatu hemen.
Agirreazkuenaga, J. (2012) The Making of the Basque Question: Experiencing Self-Government, 1793-1877, Nevada, Reno: Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2012, 311 or. Informazio gehiago ikusteko sakatu hemen.