Erdaldunek euskaldunoi gurea ez den vasco/basque izenarekin deitzen digute. Horren antzera, sami herrikoak ere, eskuarki lapon/lapoi hitzez ezagutzen dira mundu zabalean, nahiz izen hori berek gustukoa ez duten. Samitarrak Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiaren iparraldean bizi dira, guztira bi milioi eta erdi pertsona inguru. Horietarik beren jatorrizko hizkuntzaz 30.000 bat mintzatzen dira. Dialektotan zatikatua duten arren, aspaldian samiera batua egiteko ahaleginean dihardute, eskola eta kultura zereginetarako helburuaz. Horrexegatik oraingoan bertako idazle eta itzultzaile talde batek, Samitar Kultur Elkarte bateko hogeita bost bat pertsonaz osatuak, Euskal Herrirako bidaia egin du, euskararen batasunaren esperientziaren berri jakiteko. Horien buruan Harald Gaski jauna izan da, Norvegiako Tromso Unibertsitateko samitar literaturako irakaslea.
Maiatzaren 23an, Urtzi Urrutikoetxea kazetariaren eskutik, Euskaltzaindiari bisita egin zioten, gure hizkuntzaren arautze eta egokitze bidea nolakoa izan den jakiteko. Harrera Euskaltzaindiaren idazkariak egin zien. Xabier Kintanak Akademiaren egoitza erakutsi eta gure erakundearen sorrera, historia, eginkizunak eta arautze-lanak ezagutarazi zizkien. Biziki interesaturik agertu ziren euskal hizkuntza atlasaz, onomastika- eta toponimia-lanez, hiztegi batuaz eta ortografia eta sintaxia arautzeko erabakiez, eta batasunaren esperientziari buruz galdera asko egin zituzten, haien egoera eta gurea konparatuz.
Samitarren hizkuntza, finlandiera eta estonieraren senide hurbila da, eta hungarieraren ahaide urruna. Tipologiari dagokionez, guztiak mintzaira eranskariak dira, euskara, georgiera, turkiera edo Amerikako beste askoren antzera, baina horrek ez du esan nahi guztiak elkarren senide edo etorki berekoak direnik. Samitarrek beren hizkuntzan tundâr esaten diete iparraldeko leku izoztu eta landare gutxiko eremuei, eta gaur, hitz hori, errusiarrek jaso eta tundra bihurtua, munduko mintzaira guztietara zabaldu da.