Joan den ostiralean, maiatzaren 18an, Euskaltzaindiak Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian liburua aurkeztu zuen Baionan. Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoa dira liburuaren egileak eta, haiekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak egin zuen aurkezpena.
2010ean, Euskaltzaindiak XV. Jagon Jardunaldiak egin zituen, "Gazteak, aisialdia eta euskara" gaiaren inguruan, eta, besteren artean, Baxokek eta Coyosek parte hartu zuten, "Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian" hitzaldiarekin. Orain, ikerketaren emaitza osoa liburu batean publikatu da. Lanaren xede nagusia hauxe izan da: gaur egun Ipar Euskal Herriko gazteen euskarazko edo euskal kulturari lotuak diren aisialdiak zein diren aurkeztea.
Ipar Euskal Herriko gazteriaren argazkia egin ostean, ondorio batzuk atera dituzte egileek, horien artean hauek: gazteria, elkarteak edota kirola eskuduntzan daukaten tokiko elkargoek beren gain har dezatela euskarari tokia ematea, aisialdi eremuetan, hizkuntza teknikarien bitartez; hizkuntza politika publikoak lagun ditzatela aisialdiak euskalduntzen diharduten eragileak eta molde berezian eragin handia duten egiturak: Uda Leku, euskal hedabideak, kirol elkarteak, festibalak. Aisialdia euskalduntzeko, gazteengan arrakasta handia duten baliabideek, bereziki zinemak eta joko elektronikoak, oso eraginkorrak direlakoan daude, beraz, horiek ere sustatu beharko lirateke.
Erramun Baxokek eta Jean-Baptiste Coyosek aurkezpenean erabili zuten materiala 1,72 Mb
Argitalpenak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izan du. Euskaraz eta frantsesez idatzia dago eta Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Jagon" bildumaren 15. zenbakia da.
Euskaltzainburu eta egileez gain, Euskaltzaindiko ordezkari hauek izan ziren aurkezpenean: Xarles Videgain Baionako ordezkaritzako arduraduna; Sagrario Aleman Sustapen batzordeko arduraduna; Andres Iñigo Onomastika batzordeko arduraduna; Patxi Uribarren eta Beñat Oihartzabal euskaltzainak; Manu Ruiz Urrestarazu Arabako ordezkaria; eta Erramun Osa Sustapen batzordeko idazkaria. Aurelia Arkotxa Euskaltzaindiko buruorde eta Iparraldeko ordezkariak ezin etorria adierazi zuen, Martinikan, unibertsitate-misioan zelako.
Bestalde, euskalgintzako ordezkari hauek ere izan ziren: Evelyne Capelier, Biga Bai Iparraldeko Eskola elebidun publikoko gurasoen elkarteko burua; Maite Erdozaintzi-Etxart, Ikas Iparraldeko hiru hezkuntza sareak (eskola elebidun publikoa, eskola elebidun katolikoa, Seaskako murgiltze hezkuntza) biltzen dituen dokumentazio zentroko burua; eta Pantxoa Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria.