Datorren ostiralean, otsailaren 24an, "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa" jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Akademiaren Corpus batzordeak antolatuak, jardunaldiok berriki kaleratu den izen bereko liburua izango dute abiapuntu.
Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa (2008) lanaren harian eta haren osagarri da Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa (2012) liburua. Lan berri horretan euskararen hitz-ordena lantzen da, estrategiaren ikuspegitik, hiru elementu jorratuz bereziki: 1) testu-antolatzaileak, 2) mintzagaia eta galdegaia, eta 3) erlatibozko esaldiak. Jakina denez, euskararen hitz-ordena izan da, XX. mendean zehar, euskararen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat. Bestalde, alde praktikoak garrantzi handia du liburuan.
Izen-emateko epea bihar amaituko da
Jardunaldi hau irekia izango da, eta doakoa, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke. Izena emateko epea bihar, otsailaren 22an, amaituko da. Izena emateko sakatu hemen edo hemen. (Oharra: galdera ipintzen duen eremuan, jardunaldira entzule bezala joan nahi dela jarri behar da).
Egitaraua
- 09:00 Materialaren banaketa
- 09:15 Aurkezpena
- 09:30 Pello Esnal, Corpus batzordekidea: "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoak".
- 10:15 Xabier Mendiguren Bereziartu, Corpus batzordekidea: "Mende erdi batez euskalgintzan".
- 10:45 Galderak
- 11:00 - 11:30 Atsedena
- Komunikazioak:
11:30 Andres Urrutia, Corpus batzordeburua: "Performatibo juridikoak euskaraz: estrategietarako abiaburuak".
11:45 Igone Etxebarria, Corpus batzordekidea: "Hizkuntzaren trasmisioa edo hizkuntza trasmisiorako bitarteko". - 12:00 Galderak
- 12:15 Mahai-ingurua: "Hitz-ordena: erabilera estrategikoa. Zenbait ikuspegi". Partaideak: Jesus Mari Agirre, Eusko Legebiltzarra; Karlos del Olmo, Donostiako Udala; Xabier Aristegieta, Nafarroako Parlamentua.
- 13:15 Galderak