Euskera agerkariaren 2010eko 1. eta 2. zenbakiko edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira.
Euskera 2010, 55, 1 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, Lourdes Oñederra eta Patxi Uribarren euskaltzainen sarrera-ekitaldietako hitzaldiak bildu dira. Iruñean, Nafarroako Gobernuarekin batera egin zen Euskarazko Terminologia Juridiko-Administratiboari buruzko jardunaldia ere jaso da liburuan, bai eta Onomastika arloari dagozkion irizpen batzuk, zenbait hitzarmen eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren I. eta II. liburukien aurkezpena ere. Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa-Euskaltzaindia “Literatura ataria”-ren aurkezpenaren nondik norakoa ere irakur daiteke hemen.
Euskera 2010, 55, 2 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XV. Jagon Jardunaldiak ("Gazteak, aisialdia eta euskara" gaiaren inguruan) eta Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak Literaturaren Historiografiari buruz egin zituen jardunaldiak.
2010ean Euskera agerkariak eraberritze prozesu bat izan zuen. Ondorioetako bat, artikulu zientifikoei behar duten tratamendua eta egitura ematea izan zen. Hargatik, ikerketa artikulu hauek Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.