Irailaren 5etik 9ra, Euskaltzaindia izan da Bartzelonan egin den "Izenak eguneroko bizitzan" izeneko ICOSen XXIV. kongresuan.
Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko lau kide izan dira bertan: Jose Luis Lizundia eta Patxi Salaberri euskaltzain osoak eta Patxi Gale eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordekideak.
Jose Luis Lizundiak Exonimoak eta telebistetako jokabidea aztertu zuen tailerreko hizlarietako bat izan zen, TV3 eta EITBko ordezkariekin batera. Azken hau Asier Larrinaga izan zen, Exonomastika batzordeko aholkularia dena. Jose Luis Lizundia Exonomastika batzordeko burua da.
Mikel Gorrotxategik, 11. ataleko -Onomastika eta estandarizazio bideak- arduraduna izan zenak, Akademiak udalekin batera, EUDELen laguntzaz, egiten dituen ikerketen berri eman zuen, eta holako lanak aurrera ateratzeko dagoen prozedura eta izenak gal ez daitezen egin diren eta egin daitezkeen gizarteratze lanen azalpena eman zuen.
Patxi Galek Euskaltzaindiaren ECO (Euskal Corpus Onomastikoa) egitasmoaren berri eman zuen. Aipatutako egitasmoak Nafarroako Gobernuaren babesa du eta datutegi horretan euskal onomastika osoa, pertsona izenak, deiturak eta toponimoak bildu nahi da.
Patxi Salaberri euskaltzainak Euskal Herrian ageri diren santzname motak aztertu zituen. Santzname egitura duten toponimoetan aditza ageri da eta erdaraz zein euskaraz dauden erak aztertu zituen: Hila datzan zelaia, Ura dariona edo Donde murio el mozo, hiru adibide emateagatik.
Kongresua Bartzelonako Unibertsitatean izan da eta munduko 53 estatutatik etorri dira hizlariak; guztira 500 hitzaldi baino gehiago eman dira, ofizialak ziren bost hizkuntzetan.
ICOSen lehenengo kongresua Parisen izan zen 1938an, eta 1947tik aurrera hiru urtean behin egiten da.