Vahan Sarkisian armeniar euskaltzain ohorezkoa hil berri zaigu aurtengo urtarrilaren 21an, 55 urte zituela. Inguruko auzo-hizkuntzak eta literaturak aztertzen diharduten espezialistekin konparaturik, ez dira ugariegi, tamalez, euskaraz, gure etxeko Mari Errauskinez, arduratzen diren hizkuntzalariak, eta, horrelako alerik agertzen den baterako, erakusten duen arreta eta interesa eskertu beharko genizkioke zintzoki, maiz, zoritxarrez, eta gure lotsarako, egiten ez dakigun moduan, hain zuzen. Izan ere, joan egin zaigu Sarkisian, baina halere, berak euskararen inguruan idatziriko ikerlanak eta gure hizkuntzatik armenierara egindako itzulpenak behintzat hor gelditu dira, guregana agertzen zituen interes eta begikotasunaren lekuko.