Euskal Parlamentuaren ekimenez, Euskara jalgi hadi plazara lemapean, erakusketa bat antolatu da Legebiltzarraren egoitzan, aurtengo otsailaren 2tik martxoaren azkenera arte iraungo duena, Euskaltzaindiaren erabateko lankidetzarekin. Hor Bernard Etxepare-ren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale originala erakutsiko da lehenengo aldiz, gure Legebiltzarraren eskariz Parisko gobernuak frantses hiriburutik lehenengo aldiz ateratzen utzi duena. Euskaltzaindiak, bere aldetik, Joanes Leizarragaren 1571eko Testamentu Berria, bere bibliotekan gordetzen zuen alean, erakusgai jarri du. Horiez gainera, beste idazle, itzultzaile eta apologista batzuen liburu originalak daude.