Gaur, urtarrilaren 28an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2010. urtean hil ziren euskaltzain hauek omentzeko:
- Jorge Cortes Izal (1930-2010) euskaltzain urgazlea. Sagrario Alemanek irakurri du Patxi Zabaletak eginiko testua.
- Xabier Lete (1944-2010) ohorezko euskaltzaina. Jose Angel Irigarai ohorezko euskaltzainak irakurri du, Joxan Goikoetxearen musikak lagunduta.
Mahaiburuan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan da.
Patxi Zabaletak eta Jose Angel Irigaraik idatzitako hilberri-txostenak hemen argitaratuko dira.
Bernardo Atxagak ere parte hartu du omenaldian, eta bere testu bat irakurri. Leteren Otsoa eta Txano Gorritxu kanta ezaguna hartu, eta otsoaren figurarekin jolasean ibili da Atxaga, Oiartzungo poetaren omenez.