Joan Mari Torrealdaik berak azaldu du burutu den lanaren nondik norakoa, gaur, Bilboko Udaletxean eginiko agerraldian. Ekitaldi berean, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeon arteko lan-hitzarmena sinatu dute. Hortaz, Urrutiak esker oneko hitzak izan ditu: "Bilbok bere memoria euskaldunaren zati garrantzitsua berreskuratzen du. Aldizkariaren zuzendaritza, idazleak eta gainerakoak dira gaur aipatu beharrekoak, horiek bermatu eta sustatu baitzuten Bilbon eta 70. hamarkadatik aurrera, euskararen presentzia. Eskerrak, beraz, eurei eta batez ere, Anaitasuna aldizkariaren digitalizazioa posible egin duten Bilboko Udalari, Euskaltzaindiari eta Jakin taldeari". Eta eskerrak, azkenik, Hirugarren Ordena Frantziskotarrari "aldizkaria digitalizatzeko aukera eman digulako".
Iñaki Azkunak ere bere poza agertu du: "Gure lankidetzari esker interesatu guztion esku dogu une hontatik Anaitasuna aldizkaria digitalizatuta, euskeraren modernizazinoan hain inportantea izan zan aldizkaria eta Bilbogaz hartu-emon estua eduki eban argitalpena".
Anaitasuna aldizkaria 30 urtetan zehar argitaratu zen: 1953ko ekainetik 1982ko apirilera. Esan bezala, gaur publikoaren eskura jarri den Anaitasuna-ri eskainitako atalean, aldizkariak urte horietan zehar argitaratu zituen 420 zenbakiak daude ikusgai: 1.200 lankide inguruk idatzitako 6.395 artikulu, hain zuzen ere. Zenbaki horietako edukiak lau modu desberdinetan sailkatuta daude: egile, gai, artikulu eta urteen arabera.
Artikulu bakoitzari fitxa bat dagokio. Fitxen egitura beti bera da: egilea, izenburua, saila, zenbakia, data eta orrialdea.
Aldizkariaren 420 zenbakiak PDF eta WORD formatuko dokumentuetan ordenatuta daude, urtez urte eta zenbakiz zenbaki multzokatuta. Zenbaki bakoitzari PDF eta WORD dokumentu bana dagokie.
Gainera, Anaitasuna aldizkariari eskaintzen zaion gunean, Joan Mari Torrealdaik aldizkariaren historiari eta edukiei buruz egindako azterlana ere badago. Hala bada, bertan azaltzen dira sortzearen nondik norakoak -Imanol Berriatuak sortu zuen Anaitasuna, eta hasieran lau orrialdeko eliz orritxoa zen, bizkaieraz idatzia-, aldizkariak bere historian izan zituen aroak, euskara batuaren aldeko egin zuen hautua, ildo ideologikoa, formatuen aldaketak, kolaboratu zuten idazleen zerrenda, arazo ekonomiko eta bestelakoak...