Xabier Lete euskal poeta, kantari eta ohorezko euskaltzaina hil zen atzo, abenduaren 4an, 66 urte zituela. Haren aldeko hileta-elizkizuna asteartean, hilaren 7an, izango da, Urnietako elizan.
Xabier Lete Oiartzunen jaio zen. Idazle, poeta eta kantari izan da. Ez dok Amairu taldea sortu zuenetariko bat izan zen. 1975etik 1978ra Antton Valverderekin kantatzen aritu zen, eta bertso zaharren bertsio berriekin bi disko atera zituzten, Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei eskainiak. Antzerkia ere jorratu zuen, eta euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoak bultzaturik, Eugenio Arozenarekin kolaboratu zuen. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxitxu antzerki taldeak antzeztu zituen.
Besteak beste, poema liburu hauek idatzi ditu: Egunetik egunera orduen gurpillean, Bigarren poema liburua, Urrats desbideratuak, Biziaren ikurrak, Zentzu antzaldatuen poemategia, Abestitzak eta poema kantatuak, Egunsentiaren esku izoztuak, bere azken lana. Liburu honekin irabazi zituen Euskadi Literatur Saria eta Espainiako Kritikaren Saria.
Diskoen artean, hauek: Errota zahar maitea, Nafarroa arragoa, Kantatzera noazu, Lore bat, zauri bat , Eskeintza, Hurbil iragana. Hainbat abeslarik musikatu eta kantatu izan dituzte Leteren olerkiak eta kantak, horien artean Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal edota Benito Lertxundi daudelarik.