Joan Mari Torrealdai idazle, kazetari, soziologo eta euskaltzain osoak Bizkaiko Foru Aldundiaren 2010eko Lauaxeta Saria jasoko du. Saria Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak emango dio, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barruan.
Bizkaiko Foru Aldundiak Torrealdairen ibilbidea azpimarratu nahi izan du. Besteak beste, hauxe dio: "Joan Mari Torrealdai Nabea gai askotako hainbat libururen egilea da, eta sari ugari lortu izan ditu euskara sustatu eta aztertzen edota, besteak beste, Euskadiko historia garaikidea lantzen emandako ibilbide luze eta oparoan".
Sariaren bidez, "publikoki aintzat hartu nahi dira gure hizkuntza eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik nabarmendu diren pertsona, talde eta erakundeak".