Bernardo Atxagak berak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dute gaurko aurkezpena. Hirugarren zenbakia eskuan, aurreko bien kalitateari eutsi egin zaiola ziur dago Erlea-ko zuzendaria. Hala ere, zehaztu du, "askotan ez da kalitate kontu hutsa, nahiz eta kalitatea oso inportantea izan -eta hemen kalitate handiko testu, argazki eta irudiak dira-. Egiteko modu bat ere bada, jendea inplikatzeko era bat, eta hori hemen egiten da. Beraz, nire ustez, erakunde honen indarra hor ere ikusten da".
Hirugarren zenbaki honen atmosfera nagusiak Afrikara garamatza, Aljeria eta Magreb protagonista direlarik. Bestalde, Ipar Euskal Herriari ere ahotsa ematen dio Erleak, eta aldizkarian agertzen diren hainbat idazlek -Piarres Aintziartek, Jean-Louis Davantek, Txomin Peillenek- bi errealitate horiek, Iparralde eta Aljeria, lotzen dituzte.
Mohamed Xukri idazle marokoarrak (1935-2003) leku berezia du zenbaki honetan: 2003an, Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa bat argitaratzen da, baita Joxemari Iturralderen artikulu bat ere, eta Ogi hutsa Xukriren poemaren zati bat, arabieraz eta euskaraz.
Erleak ekartzen digun beste opari bereziak Joseba Sarrionandia izena du: Tuaregen poesiaren amaiera artikulua dago, idazleak udazkenean aterako duen liburuaren zatia.
Badira izen gehiago: besteren artean, Vicente Ameztoy (1946-2001) -bere objektuen bitartez- Karmelo Landa, Arantxa Urretabizkaia, Lourdes Oñederra, Xabier Montoia, Eider Rodriguez, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Pello Otxoteko, Patxi Ezkiaga, Pedro Alberdi, Luzien Etxezarreta, Jabier Muguruza, Kepa Altonaga, Joseba Luzuriaga, Juan Luis Zabala, Felix Ibargutxi., Felipe Juaristi... Azala Gonzalo Etxebarriarena da, eta ilustrazioak eta argazkiak Anne Rearick, Zaldi Ero, Ernesto Valverde eta Erramun Landak sinatzen dituzte.
Hortaz, berriro ere, aniztasuna, baita belaunaldien arteko harremana ere, gailentzen da Erlea aldizkarian. Behin baino gehiagotan azaldu du Bernardo Atxagak Euskal Herriko ahotsak banan-banan ateratzen ari direla aldizkarian, gazteak, zaharrak, iritzi guztietakoak eta horrela azpimarratu du ere, gaurko aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak: "Euskaltzaindiaren aldetik, etorkizunerako apustua da gurea. Euskaltzaindia gustura dago, beste guztiekin lanean ari delako".
Erlea paperezko aldizkariari laster erantsiko zaion beste proiektu baten berri eman du gaur Bernardo Atxagak: irakurleen saioak deritzana. Hala bada, abenduan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Erlea aldizkariaren irakurleen saio bat egingo da, "eta ideia hori da, irakurleak biltzea, jendea batzea". Atxagak iragarri duenez, datorren urtean mamituko da proiektua, 20 bat saio egingo direlarik.
Aldizkaria eskuratzeko sakatu hemen.