1990ean Euskaltzaindiaren buletin ofiziala den Euskera agerkariak Onomastika batzordearen irizpen bat eman zuen argitara Toloño mendilerroaren izenaz. Idazkiaren ardura José Antonio González Salazarri eman zitzaion, Bernedon apaiz zegoelarik, bertan mendilerro osoa izendatzeko Sierra de Toloño ahozko erabileraren berri izan baitzuen. Irizpenean Cantabria izenaren hedatze kultistak tradiziozko Toloño izena baztertzea ekarri duela ondorioztatzen zen.
Hala ere, Akademiaren irizpen hori zalantzan jarri zuen zenbaitek, bereziki, Salvador Velilla ikertzaileak, horretarako gutun nahiz adierazpen publiko batzuk eginik. Euskaltzaindiak orduan bere iritziaren oinarrian zeuden arrazoiak eta dokumentuak idatziz aurkezteko gonbitea luzatu zion, eta halaxe egin zuen.
Aurkezturiko dokumentazioaren argitan, Onomastika batzordeak ostera ere ekin zion gaiaren azterketari eta Sierra de Toloño izenaren gaineko bigarren irizpen bat eman zuen, Iruñean, 1998ko apirilaren 2an. Datuak ikusirik, hartan batzordeak 1990eko irizpeneko ondorioak berretsi zituen, eta "Sierra de Toloño izenaren zalantzarik gabeko zilegitasuna aldarrikatzen zuen, liburuetatik eratorritako Sierra de Cantabria izenak gero eta gehiagotan ordezkatua". Batzorde honek ez zuen, beraz, Sierra de Cantabria izenaren existentzia ukatzen, baina gogora ekartzen zuen horrek "ez duela justifikatzen tradiziozko Toloño historikoaren gainetik lehenets litekeenik".
Irizpen horrek ez zuen Salvador Velilla jauna asebete eta Arabako Errioxako nahiz Mendialdeko udaletara jo zuen, osoko bilkurako akordioen bidez, mendilerro osoa Sierra de Toloño deitzearen kontrako adierazpenak egin zitzaten. Haietako askok halaxe egin zuten 1998 eta 2000 bitartean. Halaber, Salvador Velillak era bereko aldarria eskatu zien eskualdeko kultur elkarte askori, baita Guardiako Bigarren Hezkuntzako Samaniego Institutuko irakaslegoari ere.
Honen ondoren, 2009ko maiatzean, Salvador Velillak "Denominación histórica de las sierras de Toloño y Cantabria" izenburua duen txosten bat aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, bertan Sierra de Toloño izena mendilerroaren mendebaldeko aldera murrizteko ideia berriz ere defenditu eta Sierra de Cantabria erdialde nahiz ekialderako erabiltzeko proposamena eginik.
Honen ondoren, 2009ko maiatzean, Salvador Velillak "Denominación histórica de las sierras de Toloño y Cantabria" izenburua duen txosten bat aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, bertan Sierra de Toloño izena mendilerroaren mendebaldeko aldera murrizteko ideia berriz ere defenditu eta Sierra de Cantabria erdialde nahiz ekialderako erabiltzeko proposamena eginik.
Arabako Batzar Nagusiek, gaia argitzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako bitartekaritza eskatu dute eta honek, Euskaltzaindiko Onomastika batzordeari txostena egin dezan eskatu dio, horretan Erakunde ofizial konpetentziaduna da eta.
Honenbestez, eskaera horri erantzuna eman nahirik gauzatu da atxikitako txostena. Haren ondorioen oinarrian iturri historiko-dokumentaletan dauden datuak eta XX. mendeko hirurogeita hamarretako hamarkadan informatzaile adinekoei jasotako ahozko lekukotzak daude. Era berean, Salvador Velillak aurkezturiko arrazoibideak eta ekarpen dokumentalak ere aintzat hartu dira txostena gauzatzean.
Onomastika batzordea.
Altsasun, 2010eko urriaren 21ean.