Anjel Lertxundi idazle eta euskaltzain urgazleak irabazi du Espainiako Saiakera Saria, Eskarmentuaren paperak lanagatik. Saria Kultura Ministerioak ematen du urtero.
Epaimahaia osatu dutenen artean Euskaltzaindia dago, eta Sebastian Gartzia Trujillo euskaltzain urgazlea erakundearen ordezkari izan da, edizio honetan. Gartzia Trujlloz gain, honako hauek izan dira epaimahaikoak: Rogelio Blanco, Gregorio Salvador, Victor Fernandez, Marta Pessarrodona, Alfonso Navales, Francisca Rubio, Santos Alonso, Maria Teresa Pascual, Estrella de Diego eta aurreko bi urteetako saridunak: Justo Beramendi eta Manuel Reyes Mate.
Eskarmentuaren paperak Alberdania argitaletxeak eman zuen argitara. Liburuaz hauxe dio bere webgunean: "Ez da autobiografia bat, baina badu autobiografiatik. Ez da oroitzapen liburu bat, baina asko zor dio oroimenari. Dietario batetik hurbil dago, baina ez dago egunerokotasunaren mende. Bere buruaz ari da autorea, baina ez da bere burua liburuaren xedea. Xedea da berrogei urtean jarraitu dion irakurlearekin elkarrizketan sartzea".