Maiatzaren 22an, Baionako Herriko Etxean, Txomin Peillen euskaltzain emeritu eta idazleak 2009ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen, "bere jardunbide intelektual eta sortzaile osoaren aitormenez", eta bereziki euskal kulturaren alde egin duen lanagatik. Saria Eusko Ikaskuntzak ematen du eta Remigio Mendiburu eskultorearen brontzezko obra bat da. Gainera, Zuberoako euskaltzainaren bio-bibliografia argitaratu du Eusko Ikaskuntzak, egilea Txomin Peillen bera delarik.
Ekitaldian, Jean-Louis Davant euskaltzainak egin zuen Txomin Peillen lanaren eta bizitzaren laburpena.