Martxoaren 13an, Gernika-Lumoko Udalak eta herriko hainbat kultura elkartek -Andra Mari Koralak, Kultura Etxeak, Gernika-Lumoko euskaltegiak, Segundo Olaeta Musika Eskolak, Julia Foruria Musika Eskolak, Gernikazarrak, Aldaba aldizkariak eta Marijesiek- omenaldia eskaini zioten Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituari. Omenaldi horren bitartez, esker ona adierazi nahi izan zioten "herriaren alde egindako lanagatik eta, batik bat, Jose Antoniok duen balio intelektualagatik".
Omenaldian Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak eta Denis Azkaratek, kultura taldeen izenean, oroigarri bana eman zioten Jose Antonio Arana Martijari. Gainera, berak sortu zuen Andra Mari Koralak, aurten 30 urte bete dituena, kontzertu berezia eskaini zuen.