Gaur, urtarrilaren 26an, Erandioko leku-izenak izeneko liburuxka aurkeztu da Erandioko Udaletxean. Liburu hau Erandioko toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzeko egin den lanaren azken emaitza da, eta, besteren artean, normalizaziorako arrazoiak azaltzea edota kale izendegian egindako aldaketei buruzko informazioa zabaltzea ditu helburu nagusiak. Liburuxkarekin batera, Erandioko toponimoen mapa ere aurkeztu da gaur. Iratxe Lasa Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak burutu du Erandioko toponimia ikerketa lana.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Joseba Goikouria Erandioko alkateak, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak eta Aitziber Oliban Erandioko Euskara zinegotziak. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria ere izan da aurkezpenean. Bestalde, herriko toponimoak berreskuratzeko lagundu duten informatzaileak omenduak izan dira ekitaldian.
Erandioko leku-izenak 2005-2008 urteetan egindako ikerketa-lanaren ondorioa da. 2005ean, Erandioko Udalak herriko toponimoak bildu, arautu eta finkatzeko beka-deialdia egin zuen, Iratxe Lasak eskuratu zuelarik. Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatu ondoren, Akademiaren zuzendaritzapean -Patxi Galé izan zen lanaren gainbegiratzailea- aritu zen Lasa. Erakusketa bat eta hitzaldiak ere antolatu zituen Udalak.
2008an zehar, informazio guztia berrikusten aritu zen Euskaltzaindiko Onomastika batzordea, eta kale izendegia aldatzeko proposamena helarazi zion Erandioko Udalari. 2009ko urtarrilean, Udalak kale izendegi berria onartu zuen. Mapan eta liburuxkan ez ezik, herriko toponimo guztiak -1.800 inguru- Udalaren webgunean ere kontsultagai daude.