Joxe Agirre bertsolariak jantzi zion txapelaz gain, Maialen Lujanbio 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak Euskaltzaindiaren oroigarria jaso zuen, abenduaren 13ko finalean: Xabier Santxotena eskultoreak egindako Bertsolari izeneko oroigarria. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zion.
Orain arte, Euskaltzaindiak Jorge Oteizak egindako Xenpelar oroigarria eman izan dio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari, baina eskultoreak zortzi oroigarri besterik ez zituen egin, eta azkena 2005eko finalean jaso zuen Andoni Egañak. Beraz, oroigarri berria estreinatu du aurten Euskaltzaindiak, hemendik aurrera txapeldun guztiek jasoko dutena.